Olentzero maitea…

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2014ko urt. 21a, 00:00
2013ko Gabonak pasata, eskutitza idaztea pentsatu dut.

Arraroa egingo zaizu, ezta? Beno, bizitzak horrelako gauzak ditu, harritzen gaituzten gauzak. Gabon aurretik eskutitza idaztea ahaztu zitzaidan eta, aurten ekarri dizkidazun opariak ikusita, idaztea besterik ez zait geratu. 

2013an opari zirraragarriak izan ditugu: osasuna, familia-besarkadak, bikotekidearen hamaika musu, lagunekin egindako barreak, ume txikien begirada gardenak… batzuei loteria ere tokatu zaie. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez. 

Baina badira "hunkigarriak" izan diren beste hainbat opari: genero indarkeria sufritu duten pertsonak, desjabetzeen erruz etxerik gabe geratu direnak, oinarrizko eskubideak urratzen dituzten ekintzak, ingurumena suntsitzen dutenak, hezkuntzan eta osasunean jazotako murrizketak… Horren berri izango duzu, Olentzero, ziur nago.

Badakit ez garela oso ondo portatu. Dena kritikatzeko gai sentitzen gara eta, askotan, ez diogu geure buruari kritika bat bera ere egiten. Mundua aldatzea nahi dugu eta, maiz, ez dugu egunerokotasunean ezer egiteko denborarik. Badakit, Olentzero.

Horregatik, gauza bakarra eskatu nahi dizut: hezkuntza zaintzeko eta kalitatezko bihurtzeko indarra. Izan ditugun opari "hunkigarri" horien kontrako txertoa da hezkuntza, benetako aldaketa lortzeko giltza. Hezkuntza lehentasun bihurtzen badugu, etorkizun hobea lortuko dugu; ez dut zalantzarik. Askori, hori entzutean, Finlandiako hezkuntza sistema etorriko zaie burura. Ez naiz horretaz ari, Olentzero, guri dagokigun hezkuntza sistemari buruz baizik: gure kultura maiteko duen hezkuntza, herritar duinak (eta ez lehiatsuak) heziko dituena, ikasten eta sentitzen irakasten duena. 

Hori da nire nahia eta, hori lortzeko, aurten hobeto portatzen saiatuko naiz, nire hitza duzu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak