Gorputzaren metafisika

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Aranzeta 2016ko mai. 14a, 00:33

Ohe ondoko argazkian ikusten dudan nire buruak zer esango ote lioke gaur egungo nire senari? "Zertan ari zara?" "Zer egin duzu? agian?" Eta ez dakit zer erantzun jasoko lukeen ere, gauero begien bistan dudan aspaldiko erretratu horrek. 

Orduan errealitate gordinari batzen ninduten ametsak gaur, distortsioak besterik ez dira. Heldutasunak zer dakarren, urteen ezbeherra eta gorputzaren aldaera: ume izatetik, heldu izatera, bularrak haztera, maitemintzera, sexuaz gozatzera, hilerokoa edukitzera, min eta buruhauste gehiago, lan egin, erditu, zahartu... hil. Baina, bizitza ez da soilik, gure gorputzak eta buruak jasotzen dituen aldaketa biologiko eta sozialen denbora-lerro bat; nahiz eta, guztia azken finean, prozesu metaboliko batera konprimatu.

Hala ere, ispiluan ikusten dudan nire buruak metafisika zehatz bati erantzuten dio: nire gorputza ez da lehen bezalakoa, ez da orain den bezalakoa izango gero ere, aldaketa konstante batean datza gorputzaren metafisikak. Geroz eta zimur gehiago, esperientzian traduzitzen diren urte lerroak direnak eta, bihotzak ere, geroz eta taupada gehiago; maitatu, tristetu, mindu, zoriondu nauen ororen itzal.

Giza gorputza nobela bat bezalakoa da, milaka istorioz osatua. Gure gorputzeko zelula bakoitzak bizi-historia horren zati bat darama barnean idatzia eta, zelula berri bakoitzeko, istorio berri bat idazten dugu. Egunez egun idazten goazen guzti horren isla bihurtzen da gure gorputza; hau dela eta, egunez egun aldatuz doa. Erreakzioa handiagoa, sakonagoa denean, aldaketa ere nabarmenago somatzen da; ez bait da berdin, heriotza bati aurre egin edo, lehenengo aldiz gustuko duzun hori musukatzea. Bizi-esperientzia guzti hauek gure gorputzak itxura bat edo bestea izatera eramaten dute. Horregatik gara gizaki guztiok hain ezberdinak, ez delako pertsonarik munduan, beste baten bizitza berdina, identikoa bizi izan duenik. 

Esperientziek, bizipenek moldeatzen dute gorputza; beste behin ere, metafisikak fisikotasunari irabazi dio. Biologiak zerbait esaterik izango du halaber, bizi-harremanek, nortasunak eta genetikak ere. Baina, egunez egun bizi izandako guztia, ez da deskribapen hutsean gelditzen; hura, gure gorputzean, odolean, memorian betirako inkrustatua geldidtzen da. 

Eta, ohe-ondoko argazkian ikusten dudan nire buruari, zera erantzungo nioke: nire gorputzak jasan duen aldaketa, orain arte idatzi dudan bizitza besterik ez dela. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak