Logoa

Zer?
Udazken-negura eta, bereziki, Gabonetara begira, erosketak Debagoieneko herrietan egitera animatzeko sentsibilizazio kanpaina.

Zertarako?
Jendearen artean kontzientzia piztea, adieraziz erosketak egiteko gune naturala, onena edo egokiena, Debagoiena edo norbere toki gertukoena dela.

Zeintzuk?
Debagoieneko dendarien elkarteek (Ibai-Arte, Bedelkar, Aretxarte eta Txanda), Goiena Komunikazio Taldeak eta Debagoieneko Mankomunitateak bultzatu dute.

2.000 euro saritan:
Debagoieneko lau dendari elkarteek 2.000 euro banatuko dituzte saritan: hain justu ere, 20 euroko 100 erosketa bono, Debagoieneko lau dendari elkarte horietako bazkide diren establezimenduetan gastatzeko.



Denok jakitun gara krisia zela ari den jotzen eta azkeneko urteotan zela eragin duen gure eskualdean. Eta bistakoa da, denok dakigu, Fagor Etxetresnen egoerak, eragin gordin-gordinak izango dituela gurean. Baina krisiak, industrian ez ezik, hirugarren sektorean ere zuzen-zuzenean izan du eragina eta bereziki jo du herriko merkatariengan. Eta, ondorioz, baita eskualdeko euskarazko komunikazio taldean ere", adierazi du Debagoieneko Mankomunitateko presidente Inazio Azkarragaurizarrek, aurkezpen ekitaldiari hasiera emateko.

Mireia Larrañaga (Goiena) eta Inazio Azkarragaurizar Mankomunitateko presidentea.

Egoerari irteerak aurkitu nahian, herriak dinamizatu nahian, herriak biziago egin nahian, Debagoieneko udalak, dendariekin batera, lanean ari direla azaldu du eta hainbat ekimen bultzatu dituztela horretarako.

Goizean aurkeztu duten Erosketak Debagoienean egin! kanpaina da beste ekimen bat: "Oso garrantzitsua, gure ustez, administrazioa eta dendariak ez ezik, beste eragile inportante bat ere batu delako: Goiena Komunikazio Taldea. Goienak lagunduko digu kanpainak zabalkundea izan dezan", esan du.

Ardia, ez ohiko habitatetan

Kanpainaren leloa izango da Erosketak Debagoienean egin! Eta, hori azaltzeko, erabiliko da ardi bat. Ardi hori agertuko da hiru habitat ez ohikotan, hau da, ardi bat inoiz agertuko edo egongo ez den hiru tokitan. Hain justu ere: basamortuan, Ipar Poloan izebergen artean eta Karibeko hondartza paradisuzko batean. Eta irudi horiekin batera, esaldia: Ez zaitez galdu! Eta, horren gainetik, leloa: Erosketak Debagoienean egin!

Helburua da jendearen artean kontraesanak sortzea eta kontzientzia piztea. Adieraziz, erosketak egiteko gune naturala, onena edo egokiena, Debagoiena edo norbere toki gertukoena dela.

Iragarkiak eta pegatinak

Sentsibilizazio kanpaina hau gauzatuko da, bereziki, Goienako hedabideen bitartez zabalduko diren iragarkien eta Debagoieneko establezimendu publikoetan jarriko diren pegatinen bitartez.

Denda, taberna, jatetxe eta bestelako saltokietan, guztira, 2.000 pegatina jarriko dira kanpaina gogorarazteko, eta bertan agertuko da ardia, poz aurpegiarekin erosketa poltsekin, eta leloa: Erosketak Debagoienean egin!

Iragarkietarako erabiliko dira marrazkiak; eta spotak egiteko, animazioa. Aste honetan bertan hasiko gara iragarkiak jartzen eta aurki banatuko dira pegatinak herririk herri. 2014ko urtarrilaren 6ra arte egongo da kanpaina martxan Goienako hedabideetan.

Idoia Elexpuru Aretxartekoa.

2.000 euro saritan

Kanpainarekin bat eginez, denboraldi honetan eta, bereziki, Gabonetara begira, erosketak Debagoieneko komertzioetan-eta egin daitezela bultzatzeko, Debagoieneko lau dendari elkarteek, Ibai-Artek (Arrasate), Bedelkarrek (Bergara), Txandak (Oñati) eta Aretxartek (Aretxabaleta), 2.000 euro banatuko dituzte saritan.

Sari bakarra izan beharrean, sari asko jarri nahi izan dira eta 100 izango dira, guztira. Hain justu ere, 20 euroko 100 erosketa bono, Debagoieneko lau dendari elkarte horietako bazkide diren establezimenduetan gastatzeko.

Honela banatuko dira sariak:

  • Arrasaten, Ibai-arteko dendetan: 40 sari.
  • Bergaran, Bedelkarreko dendetan: 27 sari.
  • Oñatin, Txandako dendetan: 21 sari.
  • Aretxabaletan, Aretxarteko dendetan: 12 sari.

Erosketak egiterakoan banatuko zaizkie txartelak bezeroei. Euren izen-abizenak eta telefonoak jarri eta establezimenduan bertan kokatutako kutxetan sartu beharko dituzte txartelak.

Abenduaren 2an hasi eta urtarrilaren 6ra arte banatuko dira txartelak.

Sarien zozketak, bestalde, urtarrilaren 7an egingo dute dendariek eta Goienako hedabideetan jakinaraziko dira irabazleen izenak, ondoren.

Martxoaren 31ra arte erabili ahal izango dira 20 euroko erosketa-bono horiek.

Kanpaina "garrantzitsua"

Kanpainaren garrantzia azpimarratu dute bultzatzaileek:

Jesus Mari Elkoro, Ibai-Arteko ordezkaria: "Kanpaina hau oso garrantzitsua da guretzako, gauzak zela dauden ikusita. Garai zailak dira eta, halakoetan ohi den bezala, denok elkarrekin bultza eginda, denok batera arituta, errazago egiten zaie aurre zailtasunei".

Mireia Larrañaga, Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari komertziala: "Goienak ezinbesteko ikusten du bere ingurunea garatzeko, bultzatzeko, dinamizatzeko, bere euskarriak horretarako ipini beharra. Uste dugu geuk ere asko daukagula esateko, eskualdeko hedabide garrantzitsuena garen heinean, eta konpromisoa hartu nahi izan dugu, jarrera aktiboa erakutsiz".

"Jakina, iragarkiez gain, Goienako hedabideetan landuko ditugu erreportaje edo elkarrizketa bereziak gaiaren gainean, albisteak egingo ditugu…, jendeak kontzientzia har dezan eta ohartu dadin zelako garrantzitsua den erosketak geurean egitea, kanpora joan barik".

Inazio Azkarragaurizar, Debagoieneko Mankomunitateko presidentea: "Guretzako inportantea da bertan erosketak egitera gonbidatzea jendea, baina baita bertako produktuak kontsumitzera gonbidatzea ere, bertako ekoizleek kalitatezko produktuak aukeran dituzte-eta".

"Amaitzeko, esan, Mankomunitatetik eta, bestela ere, herririk herri Debagoieneko udal guztiek, lanean jarraitzen dugula, eragile ezberdinekin batera, Debagoieneko herriak biziago izan daitezen".

Erosketak Debagoienean