goiena.eus

Ingurumen Astearen barruan ekintza ugari prestatu dituzte Gatzagan

  Ingurumena  Leintz Gatzaga GAURKOAK

Ekarpen-gunetik eta ortutik hainbat konpost-zaku atera dituzte erabiltzaileen artean banatzeko Ingurumen Asteari hasiera emateko. Hala ere, datorren martitzenera arte hainbat ekintza izango dituzte herrian.

Ingurumen Asteko ekintzetan murgilduta daude Leintz Gatzagako herritarrak. Asteari ekiteko, astelehenean, ekarpen-gunean batu ziren hainbat herritar, konposta galbahetu eta ontziratzeko. "Ekarpen-gunean amaitzen da konpost prozesua, eta gero, ortura ateratzen dugu, azken fasea, sikatzea, egiteko.

Hala, fruta-kaxetan galbahetu, filtratu egiten dugu konposta, eta erabilgarri geratzen da. Hala ere, ez dago zertan filtratu, erabiltzaileen esku geratzen da hori, zertarako erabili nahi duten arabera…", adierazi du Roberto Otazu zinegotziak.

Eguenean, berriz, osoko bilkuren aretoan batuko dira, eta han, Gure eredua aztergai hitzaldia izango dute, Gatzagako ereduaz hitz egin, herritarren kexa eta iradokizunak jaso eta balorazioa egiteko, besteak beste. Gero, pintxo dastatzearekin emango diote amaiera ekitaldiari.

Hondakinen karakterizazioa

Egubakoitzean, bestalde, 16:00etan batuta, hondakin ezberdinetako edukiontziak atera eta hondakinen karakterizazioa nolakoa den aztertuko dute. Proportzioak kalkulatuko dituzte, eta konposta nola hobe daitekeen ere aztertuko dute, bide batez.

Zapatuan, aldiz, goizean hasiko dira ekintzak. "Umeei begira, jolasak prestatu ditugu; 11:00etan hasiko dira. Ondoren, Zirika Zirkus taldearen Konpost eroak antzezlana izango da. Amaitzean, astelehenean galbahetu eta batutako hamar zaku konpostak erabiltzaileen artean banatuko ditugu".

Haurrei helarazteko nahia

Ingurumen Astea bukatzeko, datorren martitzenean, Gatzagako eskolako umeei konposta banatuko zaie, hainbat azalpen emanda. "Aste honetan genuen asmoa eskolara joan eta konpostaren prozesua azaltzeko, baina atzeratu egin dugu. Honen helburua da haurrak konturatzea etxeko hondakinak konpost nola bilakatzen diren… Horren ondoren, konpost pixka bat banatuko dugu haurren artean, etxeko loreontzietan edo nahi duten lekuan erabil dezaten", adierazi du Otazuk.

Kalitatezko konposta

Leintz Gatzagan ateratako datuen arabera, maila oneko konposta egiten dute, eta kalitatezkoa izateko zaindu beharra dagoela azpimarratu du Otazuk: "Kalitatea hobetzeko eta, ahal den heinean, herritarrak gehiago kontzientziatzeko antolatu dugu Ingurumen Astea".

Auzo-konposta 50 familia inguruk egiten dute, ekarpen gunera hondakinak botata. Horrez gain, herriko hainbat baserritan autokonposta egiten dute gatzagarrek. Eurak ekarpen-gunera joan barik, baserrian dituzten guneetan egiten dute. Hain zuzen, baserrian duten ortuan edo lorategietan ongarri moduan erabiltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa