80 urte atzera egin, eta 3D formatuko dokumentala ikusgai, betaurreko eta guzti

Eneko Azurmendi 2017ko mar. 19a, 10:36

Euskadi filma proiektatu zuten atzo Leintz Gatzagako San Millan parrokian. Film hau "galdutzat edo desagertutzat" ematen zen eta Josu Martinez ikerlari eta irakasleak ikerketa bat hasi zuen non ote zitekeen aztertzeko. Pariseko artxibo batean aurkitu zuen haren erreferentzia eta prozesu luze baten ostean, Euskal Herrian zehar erakusteko aukera izan du.

San Millan parrokia txiki geratu zen atzo arratsaldean, 3D formatuan grabatuta dagoen Euskadi filma ikusteko. Haur, gazte zein heldu, adin guztietako jendea batu zen Gatzagan aukera paregabea aprobetxatuz. Betaurrekoak jarri, eta duela 80 urte grabatutako filmaz –22 minutuko film laburra da– gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. "Gauza kuriosoa da. Jendea oso harrituta gelditzen da irudi horiekin, hain zaharrak izanik eta hiru dimentsiotan betaurrekoekin ikustean, txunditu egiten dira", dio ikerlari eta irakasleak.

1936an errodatu zen Euskadi filma, Ipar Euskal Herrian; eta hain zuzen ere, hori da erakusten duena, euskal erliebea eta baserri mundua nolakoa zen garai hartan. "Ipar Euskal Herriko irudiak erakusten dituen filma da, antz handia daukana atzerritar askok Euskal Herriari buruz egindako dokumentalekin", azaldu du Martinezek.

Berezitasuna, ordea, formatuan dago. Izan ere, "garai hartako teknika esperimental batekin errodatu zen, erliebean. Alegia, gaur egun 3D bezala ezagutzen dugun formatua", dio ikerlari eta irakasleak. Garai hartan, Louis Lumiere-k –zinemaren asmatzaileak– patentatu zuen teknika hau, Martinezen arabera. "Oso pelikula gutxi egin ziren sistema honekin, baina horietako bat izan zen Euskadi. Geroztik ez da sekula ikusi, eta 80 urte beranduago, hona ekartzeko zortea eduki dugu".

Hilabetez, ikusgai

Pelikula hau galdutzat ematen zen eta Martinezek ikerketa bat hasi zuen haren erreferentzia aurkitzeko. Pariseko artxibo batean aurkitu zuen. Hala ere, ez da erraza izan film hau Euskal Herrian ikusgai izatea. "Lehenik digitalizatu egin behar izan genuen eta hangoak konbentzitu filma hona ekartzeko edo hemen ikusi ahal izateko, behintzat", dio. Izan ere, Pathé ekoiztetxearena da dokumental hau, Frantziako ekoiztetxe garrantzitsuenetako batena, hain zuzen, eta honek ez du ikerketa erraztu, Martinezen esanetan. "Haientzat guztiz baztergarria zen film hau, euskaldunei buruzkoa, laburmetraia eta gainera 3D-n grabatua. Ez zuten batere interesik nire ikerketan eta beraien interesa dirua egitea zen".

Hala, tratu bat hitzartu zuten Pathé ekoiztetxearekin, hilabetez filma Euskal Herrian zehar erakutsi ahal izateko."Hilabetea bukatzean, filma itzuli beharko diegu eta bukatu egingo da, momentuz behintzat, film honen Euskal Herriratzea".

Hiriburu guztiak, eta Gatzaga

Euskal hiriburu guztietan erakutsiko da filma, eta Gatzagan ere bai. "Ikus-entzunezko departamenduko ikerketa taldean nago eta bertan Edorta Arana dut taldekide. Harek proposatu zidan dokumentala Gatzagara ekartzeko eta halaxe egin dugu", azpimarratu du Martinezek.

Oraingoz, Iruñean, Bilbon eta Leintz Gatzagan erakutsi da eta datorren asteetan Donostian, Baionan eta Gasteizen ere erakutsiko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak