Beheko autobus geltokia lekuz aldatu gura du Udal Gobernuak

Eneko Azurmendi 2017ko ots. 2a, 15:18
Orain dagoen lekua ez da egokia, Udal Gobernuaren arabera.

"Gaur egun dagoen lekua ez zaigu egokia iruditzen, ez herritarrentzat, ezta turistentzat ere", azpimarratu du Eneka Zankada alkateak. Horrez gain, Gaztainuzketako mantentze lanak eta Artabila baserriko bidea konpontzea izango dira 2017rako inbertsio nagusiak.

Hiru inbertsio nagusi ditu Gatzagako Udal Gobernuak 2017ari begira: beheko autobus geltokia lekuz aldatzea eta egokitzea, Gaztainuzketako mantentze eta hobetze lanak egitea eta Artabila baserriko bidea konpontzea.

Beheko autobus geltokiaren egokitze lanetara 20.000 euro inguru bideratuko ditu Udalak. "Irisgarritasunerako diru laguntza eskatuta dugu Foru Aldundian. Proiektua aurkeztu genien eta erantzunaren zain gaude. Orain dagoen moduan egonda, errepidean bertan, ez zaigu iruditzen leku egokia denik, ez herritarrentzat, ezta turistentzat ere", adierazi du Eneka Zankada alkateak. Gaineratu du autobusari itxaroten dagoen jendea lasaiago eta erosoago egon dadin dela helburua: "Geltokia barrurago eta babestuago egitea izango da inbertsioetako bat, jendea erosoago egon dadin autobusaren zain. Alde horretatik, hobetzeko beharra ikusten dugu", azpimarratu du.

Bestalde, Gaztainuzketa inguruaren mantentze lanak egiten jarraituko du udalak. "Aurreko urtetik datorren proiektuari jarraipena emango diogu. Eguneraketa bat eta mantentze lan batzuk behar ditu, hobekuntza batzuk. Diru asko gastatzen da lan hauek egiten", dio Zankadak. Izan ere, lan hauetara 41.000 euro inguru bideratuko direla aurreratu du alkateak.

Azkenik, Artabila baserriko bidea konpontzeko beharra ere ikusi du Udal Gobernuak. "Konpontzeko beharra dauka bide horrek", onartu du Zankadak. Proiektu honetara 37.000 euro bideratuko dira.

Hiru gai hauei eman nahi izan die lehentasuna Gatzagako Udalak. Hala ere, egunerokotasunean beste inbertsio batzuk egin behar izango direla argi du alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak