"Azkeneko bi urteetan bikoiztu egin ditugu diru-sarrerak"

Eneko Azurmendi 2017ko urt. 20a, 08:00
2016an diru sarrerak %30 hazi dira Gatz Museoan, 2015arekin alderatuta.

Aitor Larrañaga Gatz Museoko arduradunak 2016aren balorazio positiboa egin du. "2015arekin alderatuta, %30 hazi dira diru-sarrerak. Gainera, azkeneko bi urteetan –2014tik 2016ra bitartean– bikoiztu egin dira irabaziak eta bisitari kopurua ere asko igo da. Pozik egoteko moduan gaude", adierazi du Larrañagak.

Hazkunde horren arrazoiak batez ere bi direla aitortu du museoko arduradunak. Batetik, egin den promozioa. "Promozioak eragin nabarmena izan du. Izan ere, ahalegin handia egin dugu bai webgunea eguneratzen, baita sare sozialetan ere". Bestalde, gatza salgai jarri izanak asko lagundu duela aitortu du Larrañagak. "Gerturatzen direnek, museoa bisitatzeaz gain, gatza etxera eramateko aukera dute eta horrek bisitari gehiago erakartzen ditu".

Euskaraz eta gaztelaniaz

Bisita gidatuen hizkuntzari dagokionez, urte osoa kontuan hartuta, euskaraz ematen direnak zein gaztelaniaz ematen direnak nahiko orekatuta daude.

Astean zehar egoten diren bisitak euskaraz izaten dira, gehienbat, eta asteburuetakoak gaztelaniaz. Izan ere, astean zehar Euskal Herritik etorritako bisitariak izaten dira, gehienbat, eta asteburuetan Estatu mailako bisitariak. "Astean zehar ikasleak eta erretiratuak etortzen dira, oro har, Euskal Herri osotik.

Asteburuetan eta zubietan, aldiz, lagun kuadrillak eta familiak; Debagoienetik, EAEko hiriburuetatik eta Espainiako Estatutik etorritako bisitariak izaten dira. Kataluniakoak, Valentziakoak eta Madrilgoak, gehienbat", azpimarratu du.

Asteburuetan eta astean zehar egoten den bisitari kopurua oso parekatuta dagoela adierazi du.

Gatza merkaturatzea helburu

2017ari begira, helburu nagusia da gatz ekoizpena kanpora begira martxan jartzea, merkaturatzea. "Gaur egun, museoan eta herriko dendan bakarrik dago salgai gure gatza. Baina orain, merkaturatu egin nahi dugu. Gipuzkoa mailan hasiko gara, ondoren Euskal Herri mailan eta gero Estatu mailan", dio museoko arduradunak. Beraz, helburua da gatza ekoizteko behar den produkzio linea hori "definitiboki" martxan jartzea. Bestalde, 2017an bisitari kopurua handitzea ere beste helburu garrantzitsu bat dela dio.

Bisita gidatuak

Zapatuetan eta domeketan 12:00etan izaten dira euskarazko bisitak eta 13:00etan gaztelaniazkoak. Astean zehar bisitatzeko, aurrez eskatu behar da txanda.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak