Astelehenean irekiko dute Gatzagako ludoteka

 Leintz Gatzaga GAURKOAK

Asier Urizar herriko gazteak egingo ditu monitore lanak; astelehenetan, martitzenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan egongo da irekita 17:30etik 19:00etara, eta mota guztietako ekintzak antolatuko dira bertan, herriko haurrentzat.

Astelehenetik aurrera, irekita egongo da Gatzagako ludoteka, haurrek bertan jolastu eta ondo pasatu dezaten. Ohi baino beranduago ireki dute aurten, arazo batzuk direla eta. "Aurten luzatu egin gara, kosta egin zaigulako pertsona baten kontratazioa antolatzea. Ditugun baliabideak murritzak dira eta guztiontzako ahalik eta egokien egin ahal izateko asmotan, luzatu egin zaigu kontua", adierazi du Aitziber Gorosabel Gurel gurasoen elkarteko kideak.

Astelehenetan, martitzenetan, eguaztenetan eta egubakoitzetan irekiko da, 17:30etatik 19:00ak arte, eta Asier Urizar gazteak egingo ditu monitore lanak. Eguenetan eta asteburuetan itxita egongo da.

Mota guztietako ekintzak antolatuko dira, gune hau aprobetxatuko duten haurrei zuzenduta. "Edozein herritako ludoteka batek izan dezakeen funtzionamendua edukiko du, egun eta ordu horietako denbora-pasa bezala, alegia. Baina gure herrian hori bereziagoa izaten da, hemendik herrira begira egindako ekintzak ere irteten direlako. Orain, Gabonetan, adibidez, argazki lehiaketa bat antolatu da eta hori ludotekatik garatutako zerbait izan da", azpimarratu du Gorosabelek.

10 ume inguru

Gorosabelen esanetan, urtero 10 bat umek ematen dute izena gune hau aprobetxatzeko. Hala ere, txikienek bakarrik erabiltzen dute gero, nagusitu ahala, alboko herrietara joaten baitira herriko haurrak, eskolaz kanpoko ekintzarik ez dagoelako.

Umeek, gaua bertan

Oraindik ludoteka erabilera ez duen arren, Gabonak direla eta, gaua bertan igaro dute herriko umeek. "Umeendako izugarria izaten da ludotekan lo egitea. Oso ondo pasatzen dute eta asko disfrutatzen dute", azpimarratu du gurasoen elkarteko kideak.

Umeei beraiei hitza emanda, mota ezberdinetako jolasak  egiten dituztela adierazi dute. Horrez gain, oso gustura azaldu dira herrian denak batzeko eta ondo pasatzeko aukera ematen duen gune bat edukitzeagatik.

Printzipioz, ekainera bitartean egongo da zabalik ludoteka.

Argazki lehiaketa

Bestalde, Gabonetan antolatutako argazki lehiaketan, Iker Galloren argazkia izan zen irabazlea haurren kategorian eta Aratz Oinedederrarena, berriz, nagusien kategorian.

Gallok gozokiz betetako poltsa bat eta jostailuzko argazki kamera bat jaso zuen sari moduan eta Oinederrak bonboi kaxa bat.

Horrez gain, parte hartu zuten haur guztiei Martin, Lea liburua oparitu zieten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa