'Gatzarra': Herriak eman duen ziklista profesional bakarra

Eneko Azurmendi 2016ko abe. 16a, 09:48
'Gatzarra', Orbea taldeko mailotarekin. Argazkia: Alberto Altube

BH eta Orbea taldeetan aritu zen, 25 urte zituela Gerra Zibilean, 1936an, Oiartzunen fusilatuta hil zuten arte. Talde gizona zen, gaitasun handikoa, eta entrenatzeko modu berezi bat zeukan. Izan ere, zaku patata bat bizkarrean zuela egiten zituen entrenamenduak.

Hilario Arana Beitia Gatzarra (1911-1936) izan da profesionaletarako jauzia egin duen txirrindulari gatzagar bakarra orain arte; BH eta Orbea taldeetan ibili zen. Hala ere, pasatu dira urte batzuk ordutik hona.

Dorleta txirrindulari elkarteko kide Alberto Altubek omenaldi moduko bat egin nahi izan zion aurtengo San Milixan azokan. “Sasoiko txirrindulariez bakarrik gogoratzen gara, eta, askotan, etxekoak ziren lehenagoko txirrindulariak ahaztu egiten ditugu. Beraz, gizon honi aipamen bat egitea egokia litzatekeela pentsatu genuen. Eta, Fagor eta Kas taldeetako bailarako txirrindulariei aipamen bat egin geniela aprobetxatuta, haren argazki batzuk jarri genituen, omenaldi moduko bat egiteko", azaldu du Altubek.

Entrenatzeko, zaku patatak  

Modu bitxian entrenatzen zen Gatzarra. Izan ere, zaku patata bat bizkarrean zuela entrenatzen zen. "Gaitasun handiak zituen, bai, baina adituek zioten indar handiagoa eta sasoi hobea lortzeko helburuarekin egiten zuela. Beste teoria bat da zaku patata hori beste nonbaiten saltzeko erabiltzen zuela, bidaia aprobetxatuz, baina ez dakigu", zehaztu du Altubek. Gaineratu du pisu dezente eramaten zuela zakuetan. “Herriak hori komentatzen bazuen, zerbaitegatik izango zen, ez ziren bi kiloko zakuak izango, diot nik”.

Talde gizona  

Taldekideen mesedetan lan handia egiten zuen txirrindularia zen, laguntzailea zen. "Bizikletan ibiltzeko sekulako gaitasuna zuela zioten garaiko adituek, guztia aurretik eramaten zuela”, adierazi du Altubek.
Horrez gain, hiru aldiz Espainiako txapeldun izandako Luciano Monterok ere gauza bera esaten zuen eta gatzagarrak "etorkizun paregabea" izango zuela azpimarratzen zuen, Altuberen esanetan.

Gerra zibilean, fusilatu

Adituek etorkizun oparoa zuela iragarri arren, oso gazterik hil zen, 25 urterekin. Izan ere, Espainiako gerra zibila hasi zen urtean, 1936an, Francoren tropek fusilatu egin zuten, Oiartzunen, Gatzagako eta bailarako beste hainbat herritarrekin batera.

Altubek azpimarratu du ezin izan dutela Gatzarra-ri buruzko informazio gehiago eskuratu. “Sasoi hartako bizilagunik ez da bizi eta ez daukagu informazio gehiago hari buruz, ditugun datu bakarrak hauek dira. Herriko jendea ez da harekin gogoratzen, oso gazterik hil zelako. Adineko jendeak ere ez daki gauza garbirik hari buruz”, dio.

Afizionatuetan, lau herritar

Profesional mailara ez iritsi arren, lau dira afizionatu mailan aritu diren herritarrak orain arte: Jon Sasiain, Igor Fernandez de Arroyabe eta Xabi eta Josu Beitia anaiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak