Leintz Gatzagako trikuharriak duela 5.000 urte ingurukoak direla diote adituek

Eneko Azurmendi 2016ko aza. 16a, 15:48

Elkarren ondoan dauden bi trikuharri aurkitu dituzte, Artabila inguruan. Garai batean hildakoak lurperatzeko erabiltzen ziren megalito hauek, adituen esanetan. Bi hauekin, bost dira dagoeneko Gatzagan dauden megalitoak.

Orain dela 5000 urte inguruko bi trikuharri aurkitu dituzte Gatzagan, Artabila inguruan. Lurrailan enpresak egin du aurkikuntza, Gipuzkoako historiaurreko hilobiak, megalitoak, identifikatu eta balorean jartzen lan egiten duen enpresak, hain zuzen. Luis del Barrio Lurrailan enpresako kidearen esanetan, seguruenik, talde, tribu edo familia bereko zenbait pertsona jakin hilobiratzen zituzten bertan, garai batean.

Del Barriok dio oso bitxia dea mota honetako bi megalito elkarren ondoan egotea. Behin trikuharri hauek lokalizatuta, fitxa bat egingo zaie eta ondare kulturalen katalogoan izena eman. Eusko Jaurlaritzak espedienteari hasiera eman beharko dio, megalito hauek ondasun kultural kalifikatu bezala deklaratzeko. Behin hori eginda, Del Barriok dio egokiena ingurua zaindu eta bertan indusketa egitea izango litzatekeela.

Bi hauekin, dagoeneko bost dira Gatzagan orain arte aurkitu diren megalitoak. Izan ere, aurrez beste hiru zeuden, Isikoaitza, Elgea I eta Elgea II. Bi hauek Artabila I eta Artabila II izena edukiko dute.

Modu honetan, Leintz Gatzagak elementu turistiko erakargarri bat gehiago izango du hemendik aurrera, ondare historikoa aberasteaz gain. Orain, dauden aukera guztiak aztertu beharko ditu Udal Gobernuak, trikuharri hauekin zer egin erabakitzeko.

Bi hauek batuz, Gipuzkoan 309 megalito daude orain. Probintzian 20 estazio megalitiko daude eta Elgea-Artia izeneko estazio megalitikoaren baitan daude aurkitu berri dituzten trikuharri hauek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak