San Milixan eskulangitza azoka ospatuko dute domekan Leintz Gatzagan

Eneko Azurmendi 2016ko aza. 7a, 16:35

XXIV. edizioa izango da aurtengoa eta produktu ezberdinez osatutako hamabost mahai egongo dira. Berrikuntza modura, gainera, ardikia prestatuko dute plazan eta buzkantzak egingo dituzte antzinako eran, ondoren pintxotan jateko.

Urteroko moduan, material ezberdinez osatutako produktuak jarriko dituzte herriko pilotalekuan. Euskal Herri osotik etorritako hamabost talde izango dira guztira, 10:00etatik 14:30era. Horiekin batera, Anelkar eta Dorletako Txirrindularien Lagun elkarteak ere postua jarriko dute azokan.

Umeendako zeramika tailer bat ere egongo da, 11:30etik 14:00etara. Ez da beharrezkoa izango aurrez izena ematea, frontoira gerturatuta aukera egongo da tailerrean parte hartzeko.

Bestalde, Gatz Museoak bisita gidatuak ere eskainiko ditu, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.

Ardikia eta buzkantzak

Urtero berrikuntzaren bat izaten da eta aurten, ardikia eta buzkantzak izango da protagonista.  San Milixan, ardikixa jan ta aketeixan dio esaera zaharrak eta, hori hartu nahi izan dute oinarritzat ekintza hau antolatzerako garaian, Joannes Mendizabal kultura zinegotziaren esanetan. Hala, ardikia prestatuko dute plazan eta buzkantzak eskuz egingo dituzte, antzinako eran. Ondoren, pintxotan dastatzeko aukera egongo da, bata zein bestea. Horrez gain, Gatzako Sorginak emakume taldearen eskutik, taloak azokako ikurretako bat izango dira aurten ere.

Azoka bukatzean, herriko elkartean bazkaria egingo dute parte hartu duten artisau guztiek, antolatzaileek gonbidatuta.

Autobusak

Egun garrantzitsua izanik, Eskoriatza eta Gatzaga artean autobus zerbitzu berezia egongo da. Horrez gain, eskaripeko zerbitzua ere egongo da zenbait ordutan –behean markatutakoak– eta horretarako, 900 12 14 00 zenbakira deitu beharko da.

Eskoriatza-Gatzaga: 9:20 10:05* 10:55 11:50* 12:55 13:50* 14:55 15:50*

Gatzaga-Eskoriatza: 8:45 9:40* 10:25 11:15* 12:15 13:15* 14:15 15:15* 17:15*

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak