Asier Ugarte: "Zaletasun moduan egiten dugu txakolina, etxekoentzat soilik"

Eneko Azurmendi 2016ko aza. 4a, 09:43

Asier Ugarte eta bere aitaren artean, etxeko txakolina egin dute, aurten laugarrenez, Gatzagan daukaten mahasti txiki bati etekina aterata.

Aita eta biok aritzen zarete, ezta?

Bai. Aita mahastia zaintzeaz arduratzen da gehienbat, nik lana dela eta, ezin izaten baitut. Beraz, ondorengo lana nik egiten dut, mahatsa batu eta txakolina egin.

Zein da txakolina egiteko prozesua?

Behin mahatsa batuta, etxean dolare bat daukagu eta bertan zapaltzen dugu. Ondoren, kupelera sartzen dugu eta egun pare bat itxaron ostean, kupel aldaketa egiten dugu, zikinak eta kendu ostean, garbia bakarrik geratu dadin. Behin hori eginda, hazgarria botatzen diogu eta horrekin, dagoeneko, hartzidura prozesua hasten da.

Hori bukatzean, botilara?

Hala da. Hartzidura prozesua bukatzean, denboraldi bat uzten dugu kupelean, puntura heldu arte eta ondoren, botiletan sartzen dugu txakolina. Botilan ere denbora apur bat uzten dugu, edan aurretik.

Autodidakta moduan ari zarete?

Bai. Oraindik ikasten ari gara  eta batzuei zein besteei galdetuta egiten dugu. Gainera, hemen daukagun arazo handiena da gure mahastia altu xamar dagoela. Hotza eta hezetasuna dela eta, ez dugu lortzen mahats kantitate handi bat lortzea, adibidez, Oñatin lortzen dutena edo.

Klimagatik da hori?

Ez dakigu ziur. Izan ere, mahastiari zenbait produktu ere bota behar izaten zaizkio eta ez dakigu horiekin asmatu izan dugun orain arte. Aurten, Haroko mahastien produktuak banatzen dituen enpresa batekin harremanetan jarri gara eta zenbait aholku eman dizkigute. Baina, berandu hasi gara aurten eta honen emaitza ez dugu ikusiko. Ea datorren urtean zer moduz.

Kanpoan saltzeko asmorik bai?

Guretako zaletasun bat da hau etxekoentzat eta gertukoentzat soilik egiten dugu. Nire osaba bat mahastia jartzeko ideiarekin etorri zen eta beraren bitartez hasi ginen, baina beste barik. Gainera, gehien egin dugun urtean ere, 100 litro inguru atera zaizkigu, beraz, ez du askoz gehiagorako ematen. Sagardoa ere zaletasunagatik egiten dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak