Gatzaren Eguna ospatuko dute domekan

Eneko Azurmendi 2016ko urr. 20a, 16:51

Izenak berak dioen moduan, gatza izango da egunaren ardatz nagusia eta honen bueltan, zenbait ekintzaz osatutako egitaraua prestatu du udalak. Hirugarren edizioa izango da aurtengoa. Joannes Mendizabal kultura zinegotziak gerturatzeko deia luzatu die gatzagarrei zein bailarako herritarrei.

Goizean, egunari hasiera emateko, gaztainatan familiendako mendi ibilaldia egongo da, 10:30ean hasita. 12:30ean, gatzetan erreko dituzte gaztainak danbolinean, ondoren jateko.

11:00etatik 14:00etara bitartean, gatzaren eta baserriko produktu ekologikoen– barazkiak, gaztak, gozogintza, eztia eta abar– azoka egongo da.

Bestalde, Gatz Museoan ikusgai egongo dira aurten landutako produktu berriak –xaboiak eta esfoliatzaileak–, baita orain arte landu izan diren gatz lorea eta zaporedun gatzak –piperrauts eta curry– ere; 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan izango dira bisita gidatuak.

Horrez gain, gatz xaboiak egiten ikasteko ikastaroa ere egongo da museoan, 11:00etan. Horretarako, baina, aurrez eman beharko da izena.

12:00etatik aurrera, saiheski ekologikoa gatz mota desberdinekin dastatzeko aukera egongo da, izan ere, parrillan erreta pintxoak egingo dituzte.

Plazan, sorkuntza eta parte-hartzea oinarri, tailerrak izango dira, Garaion elkartearen eskutik. Mural bat margotuko da, gatzarekin eskulturak egingo dira, gatza erabiliz kristal baten gainean marrazkiak egingo dira eta honen grabazioekin ikus-entzunezko laburrak egingo dituzte, besteak beste.

Azkenik, Poza de la Sal eta Añana herrietatik etorriko dira, bertako gatza eta eratorritako produktuak eskaintzera. Izan ere, gatzarekin lotura handia duten herriak dira biak.

Hurbiltzeko deia

Joannes Mendizabal Gatzagako kultura zinegotziak herritarrei. "Azken finean, asmoa da guk hemen egiten duguna erakustea eta herrian ospatzea ere bai. Herriaren izenaz aparte, nortasun hori ere lantzea nahi dugu, gatzari garrantzia emanez, guztiok parte hartuz eta ondo pasatuz. Horregatik, herritarrei eta inguruko guztiei gonbidapena luzatzen diegu etorri eta parte hartzeko", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak