Leintz Gatzagako jaiak 2016

Ehun lagunetik gora elkartu dira Leintz Gatzagako mendi bizikleta martxan

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 11a, 18:43

Klasikoa den mendi bizikleta martxak ez du hutsik egin Leintz Gatzagako jaietan. Helduek 28 kilometroko ibilbidea egin dute eta umeek Dorletatik joan-etorria, eguraldi zoragarria lagun.

"Aldatu egin dugu ibilbidea aurten, eta ziklistek eskertu egin digute", jakinarazi du Alberto Altubek, antolatzaileak. 73 heldu eta 33 neska-mutiko elkartu dira, bizikletak aldean, mendi buelta egiteko. Helduek irten dute lehenengo eta 28 kilometroko ibilbide dotorea egin. Ez du aparteko zailtasunik izan, gainera; Dorletatik Leixargarate aldera, antena dagoen tokira, dagoen igoera izan da gogorrena. "Behin hori igota paisaia zoragarriarekin jaitsi direla adierazi digute, Arabako urtegia bistan", esan du Altubek eta gaineratu: "Asko ibiltzen direnak eta ondo prestatutakoak etorri dira, segituan zeuden bueltan eta!".

Umeek, iaz baino gehiagok, ostera, Dorletako santutegira joan-etorria egin dute, inolako arazorik gabe.

"Eguraldia lagun izan dugu eta ez da inolako arazorik egon. Martxan izan direnak pozik ikusita antolatzaileok oso gustura gaude". Irteera bukatzeko ohikoak diren zozketak egin dituzte; besteak beste, urdaiazpikoa, gazta eta Jakioneko produktuak oparitu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak