Gatzagako taldeak entrenatzaile onenaren saria irabazi du Lego League-en

Leire Kortabarria 2011ko mar. 13a, 12:50

Gatzagako Prototype taldea First Lego League Espainia txapelketako zortzi sarietako batekin bueltatu da etxera: entrenatzaile onenarena, alegia. Edorta Arana eta Idoia Armendaritz izan dira entrenatzaileak. Baina talde osoari emandako saritzat hartu dute: "Taldeko dinamika bat izan da, denon artean egindako proiektu bat", dio Aranak. Poz-pozik bueltatu dira etxera.

Atzo jokatu zen Hego Euskal Herriko eta Espainiako taldeendako Lego League finala, Bilbon. 32 talde lehiatu ziren; tartean, Debagoieneko bi -Arizmendi Ikerlan zen bestea- eta Euskal Herriko bederatzi.

Bilbon, EHUko Paraninfoan zen final handia. Egun luzea izan zen, eta emozioz betetakoa ere. Debagoienetik talde majoa joan zen; autobusean, Gatzagakoak eta Arrasatekoak batu ziren, eta animatzeko gertu joan ziren guraso eta lagun piloa. Pankartak eta guzti eraman zituzten. Goizetik hasi eta ilunkerako 20:00ak arte iraun zuen txapelketak eta sari-banaketak.

Bi proba mota egin behar izan zituzten talde guztiek: batetik, eurek egindako robotarekin probak gainditu eta epaileen aurrean robotaren diseinua defenditu; eta, bestetik, proiektu zientifikoa defendatu. Bigarren zati horretan, Gatzagako taldea bereziki ondo ibili zen.

Arrasateko taldeak ez zuen zorterik izan Paraninfoko baldintzekin; euren robotak argi-detektoreak zituen, eta aurretik robotari egindako doikuntzek ez zuten balio Paraninfoan topatu zituzten instalazioekin.

Egun-pasa ederra

Edorta Aranaren esanetan, "proiektu batzuek sekulako maila zuten", eta ikasle batzuek ikastetxean landuta zituzten proiektuan erabili beharreko gai asko. "Gurea Gatzagako guraso elkartetik ateratako proiektu bat izan da, Gatzagako 12 urteko bost mutikorekin eginda"; hortaz, lortutakoarekin "oso pozik" etorri dira.

Arrasatearrek eta gatzagarrek elkarrekin pasa zuten eguna, eta Guggenheim parean bazkaldu zuten.

Gehiago irakur dezakezue Prototype taldearen blogean: http://www.blogak.com/gurelprototype

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak