San Milixanetako eskulangileen azoka egingo dute domekan

Leire Kortabarria 2010ko aza. 11a, 13:20

San Milixanak, beste behin, artisautzaren, gatzaren eta lanbide tradizionalen ospakizuna izango dira etzi, domeka, Leintz Gatzagan. Eskulangintza feriak 18. aldia du aurten, eta Euskal Herriko 15 artisau etorriko dira.


Dei egiten du Udalak jendeak autoa Eskoriatzan utzi eta handik autobusa har dezan. Etengabe ibiliko da autobusa Eskoriatza eta Gatzaga artean, 10:00etatik 14:00etara. Eskoriatzan, erdialdean eta goian geldituko da, eta Gatzagan, geltokian.

Arrasateko eskulangile bat

Domekan, hiru motatako eskaintza egongo da Gatzagan: batetik, eskulangintza feria izango da, eta herri-tailerra izango da Pilar kalean. Aurten, Angiozarko Elexamendi etxeko Igor Hertzek larrua lantzeko tailertxo bat gidatuko du umeendako. Eta, ohi bezala ere, kultura etxean erakusketa bat egongo da: aurten, Durangoko Zamua tailerrekoek euskal oihalen erakusketa ipiniko dute.


Hiru gurdikada ira

Egun horretarako erakustaldi bat antolatzen dute gatzagarrek, urtero gai bat hartuta. Bada, aurten, ira-meta egingo dute, lehengo erara. Irak Eugenio Otsoa gatz museoko lokal ondoan pilatu dituzte, eta idiek tiratutako gurdi baten joango dira haien bila; gero, Herriko Plazara eramango dituzte eta hantxe egingo dute ira-meta. 

Zezina

Azkenik, gatz museoan ere hainbat ekintza izango dira: besteak beste, zezina edo gatzartua zelan egiten den azalduko du Aitziber Gorosabelek, erakusketa baten bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak