Kilometroen barruan, Plater Tiroketa Txapelketa Venta Frian

Xabier Urtzelai 2005ko ira. 8a, 14:02
Domekan, goiz eta arratsalde egingo dute Plater Tiroketa Txapelketa. Antolatzaileek 100 lagun inguru espero dituzte, Euskal Herriko herri askotatik eta Errioxatik etorriko dira. Kilometroen alde izanda, aspaldi bota ez dutenak ere animatuko dira.

Hori uste du Aramaioko Kurtzeta-gain Plater Jaurtiketa Taldeko Juan Luis Nafarratek, joan den astean Aramaion egin zuten txapelketan 63 lagun elkartu zirelako. Joan den asteko gehienak eta beste asko izango dira domekan Gatzagan. Txapelketako lehenengo saioak 10:30ean hasiko dituzte, baina arratsaldean ere egongo dira tiroketak. Hala, 16:30ak arte egongo da izena emateko aukera, eta tramitea lehenago egin gura duenak 675 70 21 81 telefono zenbakira deitzea baino ez du.

Baimenak, bertan

Txapelketetan esku hartzen ibiltzen diren tiratzaileez gain, aspaldi bota ez duten lagunak ere animatuko dira domekan. Haiek jakin behar dute antolatzaileek momentuan bertan emango dizkietela kirol hori praktikatzeko baimenak.

Txapelketari dagokionez, Gatzagan Mini-Fosa modalitatean ibiliko dira: “Hainbat modalitate daude, eta egoten den ezberdintasuna da platerak botatzeko egoten den makina kopurua, zein noranzkotan botatzen duten eta ze distantziara”. Hala, modalitate horretan makinek lehenengo ezkerrera botako dute platera, zuzen gero, eta eskuinera azkenik.

Tiratzaile ona izateko zer behar den ere galdetu diogu Nafarrateri: “Bistan da gauza guztietan moduan asko entrenatzea ezinbestekoa dela. Punteria ona izan behar da, baita platera berehala ikusteko gaitasuna izatea ere. Baina esango nuke kontzentratuta egotea dela oso garrantzitsua”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak