Urtebete beteko da domekan Labidea dendak eta Turismo bulegoak ateak ireki zituztenetik

Zuriñe Velez de Mendizabal 2004ko mar. 25a, 16:43
Labidea dendak eta Turismo Bulegoak urtebete egingo dute martxoaren 28an. Gatzagaren gaineko informazioa banatu eta herriari itxura turistikoa eman nahiak bultzatu zuen Udala bi lokalak irekitzera.

Herriari zerbitzu berri bat eman nahi zion herriko Udalak proiektu horrekin. Hasiera batean museoaren kontuak administrazioak eramaten zituen arren, duela urtebete, Amaia Olabe eta Aitziber Gorosabelen eskuetan geratu zen Labidea eta Turismo Bulegoaren kudeaketa.

Lehen urtemuga betetzear dagoen honetan, balantzea egiteko eskatu diogu Aitziberri. “Oso zaila da urtebeteko azterketa egitea, aurretik zerekin konparatzerik ez dugu eta”. Edozelan ere, bai herritarren aldetik, eta baita kanpotarrengandik ere harrera ona izan dutela adierazi digu Aitziberrek. “Herria ezagutzera goizean goiz etortzen zirenek ez zuten non egon. Orain, kafea hartzeko, adibidez, hona etor daitezke”.

Bestalde, gatzagarrek ere harrera ona egin diotela aipatu du: “Eguneroko bezeroak ditugu Labidean, herritarrak, alegia. Nahiz eta horiek erosketa handiak ezin dituzten egin, premiazko kontuak edo ogia erostera etortzen dira, esate baterako”. Jende askoren beharrak asetzeko baliagarri da herriko denda. museora bisitak Bisitarien kopuruari dagokionez, “gora doa urtetik urtera”, adierazi du Gorosabelek. “Esaterako, duela bi aste hogei pertsonako talde bat etorri zen herrira. Ez zuten museoa bakarrik ikusi, herriak dituen askotariko aberastasunak erakutsi genizkien: Dorletako Santutegia, herritik pasatzen zen trenbide zaharraren ibilbidea…”.

Aurrera begira eskaintza zabaltzeko asmoa dutela adierazi digute kudeatzaileek. “Informazio liburuxkak egiteari beharrezko deritzogu”. Bestalde, “museoak funtsean orain arte bezala jarraituko du”, nahiz eta urtean zehar hainbat gauza aldatzen dituzten; dendak ere bere horretan jarraituko du. Herria ezagutzera datozen gehienak azkenaldian Donostia aldetik datozela adierazi digu Aitziberrek. “Bizkaiko herri txikietatik ere etortzen dira. Bisitari gutxien Arabatik etortzen da, normalean, euskaltegietatik bidaian”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak