Ekintza ugari Inauteri Zapatuan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2004ko ots. 20a, 17:10
Aurten ere Inauteriak ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte herrian. Gazteentzako jokoak eta helduentzako herri txikiteoa. Horren ondoren, guztiak batera Ostatu tabernara gerturatu, eta afari goxoa eta dantzaldia izango dute gatzagarrek zapatuan.

Gatzagarrek Aratusteetako jaiez gozatzeko aukera izango dute bihar, hilaren 21ean. Adin guztietako jendearentzako egitaraua osatu nahi izan du Udalak, eta gazteengandik hasiko dira ospakizunak.

Arratsaldeko 17:00etan frontoian elkartu, eta gaztetxoek gustuko dituzten jokoak izango dira. Ekintzetako batzuk, besteak beste, puxikak apurtu eta arrainak arrantzatzea izango dira. Gatzagarrez gain, herri inguruetako gaztetxoak gerturatzea espero dutela adierazi digu Jon Sasiain Kultura Zinegotziak.

Horren ondoren, herri txikiteoan parte hartzeko deialdia egin du Sasiainek. Herrira gerturatzen direnak jai giroan sartzeko modu egokia dela adierazi digu, eta baita afal ordurako prestatzeko ere.

Afaria eta dantzaldia

Arratsaldean jolasean eta tabernaz taberna aritu ondoren, sabela ondo betetzeko aukera izango dute gatzagarrek zapatu gauean. Atzo amaitu zen izena emateko aukera, eta guztira 55 bat lagun bilduko dira mahaiaren bueltan, 21:30ean.

Ostatu jatetxera gerturatu eta giro paregabean afari goxoa jango dute. Entsalada, frikatxa eta bildotsa izango da menu nagusia, baina gura dutenek xerra jateko aukera ere izango dute. Lagun artean afaldu ondoren, musika egongo da, afaritara gerturatutakoak animatzeko. “Aretxabaletako Basabe etorriko da, eta Ostatun egongo garen guztiok alaituko gaituela espero dut”, adierazi du Jon Sasiainek.

Jai giroan buru-belarri sartzeko gomendiotxo bat egin nahi izan die herritarrei Kultura zinegotziak: “Guztiok, bai gazte eta bai helduok, Gatzagara mozorroturik etortzea gurako nuke”. Beraz, badago zer egin asteburu honetan Gatzagan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak