Aurtengo uso denboraldia kaskarra izan da

Aintzane Gardoki 2003ko aza. 27a, 12:35
Herriko bi ehiztarirekin izan gara amaitu berri den uso denboraldiaz berba egiteko. Juan Mari Makazagak eta Ina Alonsok aurtengo denboraldia oso kaskarra izan dela adierazi digute. Eguraldia oso txarra izan dute usotan egiteko, eta usoek beste bide batzuk hartu ei dituzte.

“Urte txarra eskatuta ere ezin txarragoa tokatu”, esan digu hasiaz bat Ina Alonsok. “Fede handia diogu Pello Zabalari. Tenporak ehizarako izugarri ondo gelditu zirela esan zuen; hego-haizea eta sikua. Ederto engainatu gaitu aurten. Urriko lehenengo astean izan ezik, eguraldi txarra izan dugu. Disfrutatzeko ez dugu aukera handirik izan”, gaineratu du Inak.

Baina urte eskasa izan arren, Juan Mari Makazaga Pekeño-k esan digu azaroaren 4an izan zen uso pasea ikusgarria izan zela: “Gutxitan ikusi izan dugu Gatzagako zerua egun hartan moduan. Hura bai izan zen disfrutatzekoa! Zeru osoa zen uso bando bat. Ikustekoa izan zen, ez ehizatzeko, usoak oso goitik pasatu ziren-eta”.

“Milaka eta milaka uso ikusi genituen. Disfrutatzeko modukoa izan zen, baita tiro batzuk egiteko modukoa ere, baina halako zalaparta handia sortu zen, usoek ere gora egin zuten”, gaineratu du Alonsok. “Egia esan, aurtengo denboraldiak ez du zerikusirik izan iazko denboraldiarekin. Aurten askoz uso gutxiago harrapatu ditugu. Izan ere, bezeroek eskuetatik kentzen dizkigute usoak, eta aurten ezin izan dugu eskaera hori bete”, esan du Alonsok.

masifikazio handia gatzagan

Gatzagar horiek beste kezka baten berri eman digute; hain zuzen, Alonsoren esanetan, Ehiza Federaziotik aspaldian egiten den gestioa ez da batere ona. “Gatzagak ospe handia du, uso pase handiko lekua baita. Baina gero eta ehiztari gehiago batzen dira hemen. Guk 18 postu ditugu eta beste 57 postu ditu Federazioak; baina ahal izanez gero, gehiago jarriko lituzke. Guk kalitatezko ehiza egitea aldarrikatu gura dugu. Gaur egun masifikazioa gero eta handiagoa da. Ehiztari guztiok dugu ehizan egiteko eskubidea, hori ez dut zalantzan jarriko, baina kalitatea ezin dugu ahaztu”, bukatu du Alonsok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak