Gero eta jende gehiago hurreratzen da Gatzagako Gatz Museora aspaldi honetan

Aintzane Gardoki 2003ko aza. 20a, 13:05
Gatzagako Gatz Museoak orain dela hiru urte zabaldu zituen ateak. Geroztik lagun asko hurreratu dira gatzaren –garai bateko urre zuriaren– gainekoak jakitera. Asteburuetan ohiko bisitaldiak eskaintzen dituzte arduradunek; astean, berriz, taldeak izaten dituzte.

Orain dela aste pare bat Arizmendi ikastolako umezaintza guneko 5 urteko umeak izan ziren Gatz Museoa ikusten. Museoan pasatu zuten goiza eta gatzaren ustiapena nola egiten den ikasi zuten. “Dortoka bat ekarri zuen gelako ume batek ikastolara. Animaliaren gainekoak ikasi genituen; nolakoak diren, zer jaten duten, non bizi diren, nola ugaltzen diren, eta beste. Dortokak uharteak zer diren ikastera eraman gintuen eta itsasoko ur gaziaz topo egin genuen. Gatza hartu genuen gero abiapuntu. Gatzaren gainekoak ikasi dituzte gelan, eta zer egokiago gatzari buruz gehiago jakiteko Gatzagara etortzea baino”, esan digu Umezaintza guneko irakasle Pili Otxoak.

Eskoletako ume asko

“Astean barrena eskoletako umeak eta elkarteetako taldeak izaten ditugu. Normalean 9 eta 12 urte arteko umeak etortzen dira museoa ikustera. Umeekin lan egiteko hainbat unitate didaktiko ditugu prestatuta, eta duten adinaren arabera egokitu egiten dugu bisita, oraingo honetan Arizmendiko umeekin egin dugun moduan”, esan digu museoko arduradun Aitziber Gorosabelek.

Hasteko, Aitziberrek harrera egiten die taldekideei. “Gatza nondik datorren, iturria non dagoen eta uraren eta uretzaren koloreaz eta usaiaz jokatzen dugu, besteak beste. Gero, gora eramaten ditugu eta prozesuaren nondik norakoak erakusten dizkiegu. Galderak egiten dizkiegu ondoren; ea zenbat gauza ulertu dituzten jakin gura izaten dugu guk geuk ere. Azkenik, gatza nola egiten den ikusten dute eta gatzarekin lotutako eskulanak egiten dituzte”.

Orain arte bi astean behin edo, asko jota, astean behin izan dituzte bisitak egiteko. “Joan den aspaldian, berriz, bi edo hiru talde izaten ditugu astero-astero, eta talde bakoitzari behar duen erantzuna ematen ahalegintzen gara”, gaineratu du Aitziberrek. “Sormenezko bidea jorratuz gauzak azaltzen ahalegintzen gara, hala nola: elurra egiten duenean zergatik botatzen den gatza errepidera; izozkiak nola egiten ziren lehen; lakuak izozten diren neurrian itsasoa zergatik ez den izozten... Hain zuzen ere, horrelako galderak erantzuten ahalegintzen gara. Modu atseginean eta hementxe bertan hainbat esperimentu eginda gatzaren gainekoak aditzera eman gura izaten ditugu”.

Helduak ere, gero eta gehiago

Umeak ez ezik gero eta nagusi gehiago ere hurreratzen dira Gatz Museora. Asteburuetan ohiko bisitaldiak egiten jarraitzen dute: zapatuetan 12:00etan eta 17:30ean euskaraz egiten dituzte bisitak eta 13:00etan eta 18:30ean, berriz, gaztelaniaz. Eta domeketan goizez bakarrik egiten dira bisitak. “Udazkenarekin batera bisitak gutxitu egiten dira. Joan den udan, aldiz, jende ugari izan dugu bisitan; kataluniarrak izan dira gehien. Ingelesen batzuk ere etorri dira, eta Amerikatik ere gero eta gehiago etortzen dira: txiletarrak, venezuelarrak eta mexikarrak bereziki etorri dira Gatzagaraino, Donostia aldetik, museoa ikustera”, jakinarazi digu Aitziberrek. “Umeak nik gidatzen ditut; nagusiak gidatzea, aldiz, zailagoa da; prozesuarekin gelditzen dira batzuk, historiarekin beste batzuk... Galderen arabera desbideratu egiten dute bisita. Baina sekula ez ditut bi bisita berdin egingo. Ni, orokorrean, oso gustura nabil. Gero eta jende gehiago dator eta batek baino gehiagok errepikatu egiten du, gainera. Hori oso pozgarria da. Martxa onean goaz”, amaitu du Aitziberrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak