Beste mundu bat posible dela biziki sinisten dute

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 26a, 13:03
Iaz, Aste Zapatistan txikientzako izandako ekintza batean.

Eskoriatzako Aste Zapatistaren hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Urtero moduan, EskoZap taldeko kideek aste osoko egitarau zabala antolatu dute, ekintza ezberdinez beteta egongo dena; hala ere, egun handia ekainaren 17koa izango da.

Ekainaren 12tik ekainaren 17ra bitartean kolorez jantziko da Eskoriatza. Izan ere, EskoZap Chiapasen aldeko taldeko kideek antolatzen duten Aste Zapatistaren 17. aldia izango da aurtengoa.

Kontzientziak pizteko eta beste mundu bat posible dela adierazteko, urtero moduan, ekintza ezberdin ugari izango dira herrian. Hala, Aste Zapatistaren bitartez, herrialde hartako kulturaren zatitxo bat herrira iristea dute helburu antolatzaileek. Horrekin batera, gizartearen kontzientzia soziala sustatu nahi dute: hausnarketa, errespetua, herrialdeen arteko elkartasuna, kritika eraikitzailea, lankidetza… bultzatuta.

EskoZap elkartearen hasierak

1994an Iurre Romaretazabala eskoriatzarrak Chiapasera egindako bidaia batetik sortu zen elkartea; lehenengo urtean turista moduan joan zen; 1995ean, laguntza eskaintzera joan zen, bereziki, eta, hango muturreko pobrezia ikusita, ordutik gaur egunera arte urtero joan izan da hara lau hilabetez. Aste Zapatista jaia, berriz, 2000. urtea ezkero antolatzen da Eskoriatzan, eta urte hauetan guztietan hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, herri bazkari mexikarra, adin guztiei zuzendutako ikuskizunak, eta abar antolatu izan dituzte.

Testigantza gogorra

Astelehenean, ekainaren 12an, Skipe bidez, bideo konferentzia egingo dute Ayotzinapako ikastetxe batekin, 2014ko irailean desagertu ziren 43 ikasle normalisten guraso batekin. 19:30ean izango da, kultura etxean.

Bestalde, egitarauan azpimarratzekoa den giza barraskiloa egingo dute Jose Arana eta Luis Ezeiza ikastetxeetako haurrekin. Hala, antolakuntzako kideek gonbidapena egin nahi diete herritarrei, aste osoan zehar egongo diren ekintzetan parte har dezaten, adin tarte guztietarako ekintzak egongo direlako, haurrentzat, nagusientzat…

EGITARAUA

Ekainak 12
• Bideo konferentzia. 'Vivos los llevaron, vivos los queremos'. 43 ikasle normalisten desagerpena. Kultura etxean, 19:30ean.

Ekainak 13
• Eskoriatzako eta munduko jolasak. Herriko Plazan, 18:00etan.

Ekainak 14
• Hitzaldi-dokumentala. Errefuxiatuen kanpalekuetan izandako esperientziak. Hizlaria: Juan Carlos Fernandez, Zaporeak taldeko kidea. Kultura etxean, 19:00etan.

Ekainak 15
• Whitting ikastaroa eta gazta porra. Herriko Plazan, 18:00etan.

Ekainak 16
• Piñatak, udaberri paseoa Jose Arana egoitzakoekin, pala txapelketa, kontzertua. Herriko Plazan, 17:00etan.

Ekainak 17
• Azoka, bazkari mexikarra eta kontzertuak. Herriko Plazan, 11:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak