Ate joka dago Kirol Elkartearen eguna

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mai. 19a, 09:00
Iaz, kirol elkartearen egunean herri bazkarian batutakoak.

Maiatzaren 27an izango da klubaren egun handia, eta, urtero legez, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek egun osorako. Kirola oinarri izanda, herri bazkaria, motorzaleen topaketa eta Super-Eskolote zozketa izango dira, besteak beste.

Eskoriatzako Kirol Elkartearen eguna hamaikagarrenez ospatuko dute aurten, eta, urtero bezala, egitarau zabala prestatu dute elkarteko kideek egun osorako. Hala, maiatzaren 27an kirola izango da protagonista, baina beste hainbat ekintzarekin ere beteko da herria.

Egunari areto futbol eta saskibaloi saioekin emango diote hasiera, Manuel Muñoz kiroldegian. 09:00etan atezainen erronka egingo dute, eta ostean, beteranoek saskibaloi partidua jokatuko dute. Horrekin batera, plazan umeentzako jolasak hasiko dira, eguneko ekintzen gune nagusia izango da hura. Patata-tortilla lehiaketa ere egingo da. Parte hartu nahi duenak 12:00ak aurretik eraman beharko du tortilla plazara eta pintxotan salduko dira. Horren ondoren, epaimahaiak 13:00etan emango ditu sariak.

Urtero legez, motorzaleak ere batuko dira elkartearen festara, eta topaketa 13:30ean egingo dute. 14:30ean, berriz, herri bazkaria egingo da. Arratsaldean, argazki erraldoia, ginkana eta gurasoentzako eta umeentzako txapelketa izango dira, besteak beste.

Jesus Candelas berriz ere

Iaz, Jesus Candelas, munduko areto futboleko entrenatzaile onena birritan izendatutakoa, elkartearen egunean izan zen, eta aurten, berriz izango da Eskoriatzan.

Maila ezberdinetako jokalariei entrenamenduen metodologiaren eta plangintzaren inguruko ikasgai magistrala emango die. Ibarraundin izango da, goizeko hamaiketan.

Herri bazkarirako azken txanpa

14:30ean Herriko Plazan izango den herri bazkarirako txartelak maiatzaren 22ra arte (astelehena) egongo dira salgai, hamar eurotan: Toki Alai, Benta Motz Berri eta Inkernu tabernetan. Menua, berriz, ohiturari jarraituz, paella erraldoia izango da, eta, horrez gain, sagardo kupelak jarriko dituzte.

Afaltzeko, txuleta-parrillada egingo dute, eta 21:00 aldera Super-Esko lotearen zozketa egin ostean, Bartzelona eta Alaves taldeen Kopako finala ikusiko dute plazan, pantaila erraldoian, egunari amaiera emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak