goiena.eus

Irakurzaletasuna sustatzeko egitasmoa astelehenetik martxan

 Eskoriatza

Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoa astelehenetik, martxoaren 20tik, aurrera egongo da martxan. Egitasmo horren helburuak hauek dira, besteak beste: irakurzaletasuna sustatzea –batez ere, euskarazko literatura– eta liburutegi publikoen erabilera bultzatzea.

Hala, martxoaren 20tik maiatzaren 31ra bitartean izango da martxan egitasmoa eta Udalak herritarrak animatu nahi ditu bertan parte har dezaten.

Funtzionamendua

Herritarrak Udal Liburutegiko mailegu zerbitzua erabilita bertako euskarazko liburu bat aukeratu eta etxera eramango du, irakurtzeko. Behin irakurrita, liburutegira itzuliko du liburua, irakurle-fitxa erraz bat beteko du bertan eta liburutegiko arduradunak erosketa-txeke bat emango dio. Parte hartzaileak txeke horrekin %35 merkeago erosiko du euskarazko beste liburu bat. Horrekin batera, Eskoriatzako liburutegian hileroko zozketa egingo du liburutegiko arduradunak apirilean eta maiatzean, hilabete bakoitzean liburutegian parte hartu dutenen artean. Saria 30 euroko erosketa-txekea izango da.

Kirmen Uribe, antzokian

Egitasmoa indartzeko asmoz, hainbat ekintza antolatu ditu Eskoriatzako Udalak. Hasteko,  martxoaren 29an, Kirmen Uribe idazlea Zaldibar antzokian izango da, 18:30ean, eta Elkarrekin esnatzeko ordua azken nobelaz hitz egitera etorriko da. Egiazko pertsonaiek eta gertakariek biltzen dute Kirmen Uriberen hirugarren eleberriko kontakizuna, eta horren berri ematera etorriko da lehen aldiz eleberri horrekin Eskoriatzara.

Ekitaldi ugari egitasmo barruan

Apirilaren 23an, Xabier Amurizak Ze ongi bizi zen Ulises bakarrizketa literarioa eskainiko du antzokian, 19:00etan. Apirilaren 30ean, Pello Añorgak ipuin kontaketa eskainiko du eta 31n, berriz, liburu azoka, Persiar merkatu batean ipuin musikatua, Ezagutuz ulertu eta ulertuz maitatu lehiaketaren sari banaketa eta irabazleen irakurketa eta Dorleta Kortazar eskoriatzarren ipuin kontaketa izango dira antzokian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa