Aldarrikapenak eta jaia Martxoaren 8aren bueltan

Imanol Beloki Unamuno 2017ko mar. 3a, 09:46
Aresko Emakume Martxaren eta lasterketarako egindako aurkezpena.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, hainbat aldarrikapen eta ospakizun izango dira Eskoriatzan. Amuska Emakume Elkarteak antolatutako antzerkia eta kontzentrazioa, Karate Atamak antolatutako hitzaldia eta Areskok antolatuta emakumeek kirolean duten edo beharko luketen aldeko martxa eta lasterketa.

Lehenengo hitzordua martxoaren 6an izango da: Karate Atama Eskoriatza eta Denon Artean elkarteek Prevención contra la mujer hitzaldia antolatu dute, astelehenerako. Ibarraundi museoan izango da, 19:00etan, eta izena eman nahi duenak aukera izango du, 627 44 21 42 telefonora deituta –gaur izango da horretarako azken eguna–. Emakumeen kontrako biolentziaren aurrean, eremu ezberdinetan, etxean, kalean, lanean… jasan ditzaketen erasoen kontrako prebentzio hitzaldia izango da.

Kontzentrazioa eta antzerkia

Martxoaren 8an, berriz, Udalak antolatuta, eta Amuska Emakume Elkarteak babestuta, kontzentrazioa egingo da Herriko Plazan, 18:30ean. Ondoren, 19:00etan, Con fajas y a lo loco antzerkia ikusteko aukera izango da Zaldibar antzokian. Sarrera doakoa izango da eta maitasuna eta umorezko komedia zati beretan uztartuko dituen lana Tdiferecia Produkzioak taldekoek antzeztuko dute. Bi emakume diskoteka baten teilatuan daude, animalia-estanpatuzko minigonetan eta takoi jasanezinetan bildurik, faxa itogarri bat ezkutuan daramatela. Nerabe bat iritsiko da: "Baina, tira, ama! Zer egiten duzue hemen erdi mozorroturik diskotekaren atzealdean?", esango du. Hor hasiko da gau ero eta dibertigarria.

Gurutze Idigoras. Amuska Emakume Elkarteko kidea

Martxoaren 8an urtero egin ohi den moduan, kontzentrazioa egingo da Eskoriatzako Herriko Plazan, 18:30ean.

Zer aldarrikatuko duzue martxoaren 8ko kontzentrazioan?
Udalak antolatzen duen ekimena da, baina Amuska Emakume Elkartekoak bertan izango gara emakumeen eskubideak defendatzeko. Gizartean emakumeak egiten duen borroka ospatzen da, gizonarekiko berdintasuna lortzeko, eta guk, eguna ospatu beharrean, disfrutatu egingo dugu.

Aresko Emakume Martxa

Aresko Emakume Martxa bigarren edizioa izango du martxoaren 12an. Eskoriatzako plazan hasita, Aretxabaletarainoko bidea egingo da, eta emakumeek kirolean duten edo beharko luketen berdintasuna lortzeko helburuarekin antolatu da aurten berrikuntzaz beteta datorren ekimena.

Emakumeon pausoa herriz herri doa leloarekin, Eskoriatzatik Aretxabaletarainoko 4 kilometroko oinezko martxa egin nahi duenak 5 euro ordaindu beharko ditu eta 7 kilometroko lasterketan parte hartu nahi duenak 7 euro ordaindu beharko ditu. Horrez gain, luntxa eta zozketako zenbaki bat jasoko dute parte-hartzaileek, eta egunerako egindako kamiseta emango dizkiete antolatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak