Asmo berriekin datoz axtrokiko merkatariak

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 24a, 10:16
Alboetan, Leire eta Javi Axtroki Merkatari elkartekoak, Eva, Mila eta Goretti saridunekin.

Eskoriatzako Axtroki Merkatari Elkarteko kideek urteko batzar orokorra egin zuten otsailaren 8an, eta, iazko balorazioa egiteaz gain, hainbat gai landu zituzten. Besteak beste, urtean zehar egindako ekintzak izan zituzten hizpide, baina aurtengo ekintza plana prestatzen ere ibili ziren. Horrez gain, kide berriak sartu dira elkartean; izan ere, iaz 25 merkatari zeuden eta orain 29 kide izango dira.

Erronka berriak

Eskoriatzan egiten diren urteroko ekintzetan parte hartzea da proposamen nagusia, Gabez Takarraranen, Ferixian... besteak beste, eta ekintza konkretu hauek egin nahi dituzte: apirilean denboraldi amaierako feria, maiatzean loreen feria, ekainean eta urrian Axtroki saskien zozketa eta abenduan Gabonetako kanpaina. "Bestalde, web orrialde baten garapena ere jarri gura dugu martxan, baina ikusteko dago", azaldu du Leire Errastik, Axtroki Merkatari Elkarteko lehendakari ohiak.

Herrian erosteko asmoz

Bestalde, Hemen bizi, hemen erosi 1.500 axtroki saritan Gabonetako lehiaketako irabazleei martitzenean eman zizkieten sariak -saridunak argazkian-. Axtroki Merkatari Elkarteko 25 komertziotan banatu zituzten txartelak, debalde, merkatari txikiei bultzada emateko eta, saridunek herrian bertan egin ditzaten erosketak.

Komertzio bakoitzak 1.000 zenbaki banatu zituen bezeroen artean, eta zozketa urtarrilaren 5ean izan zen. 500 euroko eta 100 euroko sariak eman dizkiete saridunei Axtroki Merkatari Elkartekoek, eta elkarteko komertzioetan gastatu beharko dituzte.

Leire Errastik azaldu du gustura dagoela antolatzen duten urteroko zozketarekin, eta herritarrak komertzio txikiaren alde egiteko eta herrian kontsumitzeko beharrezkoa dela egitasmoa: "Ekimen hau egiten hainbat urtetan aritu gara, eta herritarrek oso ondo hartzen dute. Hala ere, aurten ez dira hainbat saridun agertu, eta datorren urtera begira sariak axtrokitan banatu beharrean saskitan banatzea edo... pentsatu beharko dugu. Baina oraindik ikusteko dago zein aldaketa egin...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak