Gaztetxoak prest daude Urdelardero egunerako

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 20a, 09:45

Aratusteei hasiera emateko, txorizoak, sagarrak, ogia, erroskillak…  zirietan sartu eta, ohitura jarraituz, baserritar jantzita, Urdelardero eguna ospatzeko kantu-eskean irtengo dira Eskoriatzako neska-mutiko gaztetxoak, kalez kale, otsailaren 23an, gozoki batzuk eskuratzeko asmoz.

Urdelardero eguna aspaldiko ohitura da; Francoren garaian debekatu egin zuten eta 1979. urte inguruan berreskuratu zen, Eskoriatzan. Gaur egun, Eskoriatzan soilik egiten den ospakizuna da, eta, hala, eskolaurreko Arizmendiko Jose Arana guneko eta Luis Ezeiza herri eskolako umeak kantu-eskean irtengo dira kalera, santa-eskean bezala.

Lehen, baserriz baserri joaten ziren eskean, eta txarriboda garaia zenez, urdaia, txorizoa… ematen zizkieten baserritarrek, baina gaur egun denetik sartzen dute gaztetxoek zirian.

Herrian kantuan aritu ostean plazara hurbilduko dira gaztetxoak, eta bertan txistor-jana izango dute.

Antzerkia arratsaldean

Arratsaldean, berriz, Tomaxen Abenturak pailazoak izango dira Hiru ipuin eskaintzen. Sarrerak doakoak izango dira eta aldez aurretik kiroldegian jaso daitezke. Hala ere, edukiera dela-eta umeak bakarrik joatea eskatu du Udalak, eta, lagunduta joanez gero, heldu bakar batekin izan dadila.

Ikuskizuna amaitzean, txokolate-jana izango da plazan, eta nork bere edalontzia eraman beharko du. Ondoren, egunari amaiera emateko, Lantzeko Inauterietako dantzak egingo dituzte horiek dakizkiten herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak