Garai berrietara egokitzeko asmoarekin

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 10a, 14:30

Eskoriatzako Olazar Jubilatu Elkarteak 632 bazkide ditu; eta horietatik 72 pertsona 85 urtetik gorakoak dira. Dagoeneko 30 urte ditu elkarteak, urtez urte hainbat aldaketa izan dira, eta lan horretan batzordeko kideak aritu dira urtez urte elkartea indartzen. Martxoaren 15ean batzar orokorra egingo dute, eta batzordea osatzen duten zortzi pertsonatik lau, gaur egun presidentea den Jose Mari Kortazar barne, aldatu egingo dira.

Ekintza ugari egiten dituzte urtean zehar, eta hainbat sailetan sailkatzen dituzte elkarteko kideek. Beharrezkotzat hartzen dituztenak: bidaiak; egun batekoak, urtean lau egiten dituztenak, eta astebete, hamar egunen bueltan egiten dituztenak, urtean bi direnak. Hitzaldiak eta karta txapelketak. Horrez gain, azken hiru urteetan, memoria tailerra, zahartze aktiboa eta Hiri Lagunkoiak bezalako ekintza berrien aldeko apustua egin dute berrikuntza moduan. Azkenik, jubilatu elkarteko sukaldea ere kontuan hartzen dute, bertan merienda, bazkari eta afariak egiteko erabiltzen dutena.

Garai berrietara egokituz

Jose Mari Kortazar elkarteko presidenteak zegozkion hiru urteak eginda, presidente kargua utziko du, eta esperientzia ederra izan dela adierazi du: "Azken hiru urteetan betiko dinamikarekin jarraitu dugu, baina, egunerokoaz gain, gauza berriak egitearen aldeko apustua egin dugu. Izan ere, elkarte guztien eta generazio guztien moduan, guk ere aldatzen joan behar dugu, garai berrietara egokituz".

Hala ere, berritasunak integratu arren, urteko plangintzaren barruan "oso gustuko" dituzten ekintzak egiten jarraitu behar dela azpimarratu du Kortazarrek: "Beharrezkotzat hartzen ditugun ekintzak ez ditugu baztertu behar, guri gehien gustatzen zaizkigunak direla esan dezakegu, baina sozialki pilak jarri behar ditugu, gehiago inplikatuz…".

Aste honetan, karta-jokoa

Mahai-jokoen txapelketa egin dute aste honetan Olazar Jubilatu Elkarteko kideek, mus, tute eta briska karta-jokoetara jokatuta. Joko bakoitzean lehenengo geratzen direnek afaria irabaziko dute Labetxe tabernan, eta eskualdeko txapelketarako sailkatuko dira. Bertan garaipena lortzen badute, Donostian jokatuko den finalerako sailkatuko dira eta sariren bat edo beste jasoko dute.

Udaberrian Lanzarotera

Udaberrian egingo duten bidaia programatuta dute dagoeneko. Lanzarotera joango dira bederatzi gau eta hamar egunerako, eta, guztiz zehaztuta ez dagoen arren, 50-60 lagun inguru joango direla aurreikusten du Kortazarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak