Bolibarko Ortueta anaiak, kanpaiak jotzen ikasten

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 10a, 09:00
Mikel Ortueta kanpai-jolea Eskoriatzako San Pedro elizako kanpaiarekin.

Eskoriatzako Bolibar auzoko Mikel eta Jon Ortueta anaiak urrian hasi ziren Arientzako kanpai-jole eskolan kanpaiak jotzen ikasten. 13 eta 18 urteko bi gazteak oso pozik daude orain arte ikasi dutenarekin, eta, hain zuzen ere, ikasten jarraitzea espero dute.

Mikel Ortueta anaia nagusiak azaldu du aspalditik ikasi nahi zuen zerbait zela, eta Arientzako kanpai eskolan esperientzia ederra izan duela azaldu du. "Beti gustatu izan zaidan zerbait izan da kanpaiak jotzearen artea. Kanpaien inguruko gauzak esploratzea asko gustatu izan zait betidanik, eta jakin-mina piztu zitzaidan. Aspalditik nuen ikasteko gogoa eta anaiarekin batera izena eman nuen Arientzako kanpai-jole eskolan. Uste dut gorde beharrekoa den ondare bat dela, eta, gainera, gustukoa izanda, ezin hobeto".

Hala, urritik hona, asko ikasi dute bi anaiek, eta kanpaiak jotzeak ez duela zailtasunik adierazi du Mikelek.

Garrantzitsuena, gogoa izatea

"Kanpaiak jotzeko modu asko daude, errepikak jo behar dira… eta ikasteko asko dudan arren, orain artekoa erraza egin zait. Hasieran, DVD baten bitartez hainbat pauso ikasi ditut, eta, horrez gain, oinarrian, praktikatzea dela garrantzitsuena azpimarratuko nuke, eta horretan ere ari naiz".

Egubakoitzetan entseatzen dute, eta auzoz auzo zein herriz herri ibili gura duela azaldu du Ortuetak.

Auzoan jotzeko irrikaz

Normalean, auzoko eta herriko jaietan jotzen da, eta bi anaiek horretarako asmoa dute. "Ni Bolibarkoa naiz eta irailaren 29an izaten dira jaiak auzoan, sanmigelak. Aurten, eguen baten izango dira, eta geroago ospatuko dugu, baina esan beharra daukat eguna heltzeko gogoz nagoela. Izan ere, kanpaiak joko ditut bertan".

Bolibarren dagoeneko jo dugu, eta Joxe Migel Zubiak urtero jotzeko eskatu digu. Hark meza ematearekin eta kanpaiak jotzearekin nahikoa lan du, eta, niri aukera emanda, oso gustura joango naiz eskatzen didan guztietan auzoko kanpaiak jotzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak