Hasi dira kantu-eskean aurtengo kintoak

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 2a, 15:58

1999an jaiotako Eskoriatzako Santa Ageda neska-mutilak 08:30ean batu dira gaur, eta etxafuegoen zaretekin esnatu dituzte eskoriatzarrak. Ondo gosaldu ostean, kantu-eskean ibili dira herriko hainbat txokotan, hurritz-makila, zahatoa, dirua batzeko txapela eta kantuan egiteko gogoz kalera irtenda.

Zapatu eta domekan soilik irten beharrean, lau egunera luzatzea erabaki dute aurten ospakizuna Eskoriatzako kintoek. Hau adierazi du Lander Mediavillak, kintoetako batek: "Lehenago hastea erabaki dugu, aste bukaera bakarrik gutxi iruditzen zitzaigun eta… Guztira, 33 kinto gara aurten Eskoriatzan, eta festarako gogotsu gaude guztiok".

Baserriz baserri, kantu-eskean

Gaur herritik ibili ostean,  egubakoitzean, komertzio eta ikastetxeetara eta hainbat baserritara joango dira kantu-eskean. "Ondo ikasi ditugu kantuak, eta biharko plana ikastetxeak, komertzioak eta baserriak egitea da. Ikastetxeetara denok batera joateko asmoa dugu; baserrietara joateko, aldiz, bi taldetan banatuko gara. Batzuk Bolibar auzo aldera joango dira baserriz baserri kantu-eskean, eta beste batzuk, Apotzaga aldera. Arratsaldean, berriz, denok batuko gara eta Gatzaga aldera joango gara".

Zapatuan, Santa Ageda bezpera da, eta egun horretan, geratzen zaizkien baserrietara joango dira kantu-eskean, eta geratzen zaizkienak amaitzea izango dute helburu, ondoren, lehenbailehen herrira jaitsi, eta Kinttaden Eguna aprobetxatzeko.

Dantzak, domekan, 19:00etan

Domeka goizean herrian ibiliko dira kantu-eskean, eta arratsaldean, berriz, hainbat astez entseatu dituzten dantzak egitera irtengo dira Herriko Plazara. 19:00etan izango dira, baina aurretik, ohiturari jarraituz, Jose Arana zaharren egoitzatik pasako dira, egoiliarrei dantza egiteko.

Datorren domekan kintoek azken hitzordua izango dute; izan ere, berriz egingo dituzte dantzak plazan, ordu berean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak