Elaitz Iregi: "Lehen lau postuetan geratzea da helburua"

Imanol Beloki Unamuno 2017ko ots. 2a, 08:00

Eskoriatzako emakumezkoen areto futboleko seniorrak oso ondo ari dira aurtengo denboraldian. Sailkapenean, laugarren postuan daude, partidu bat galduta, lau berdinketarekin, eta lau garaipen lortuta. Aurrera begira, partidu guztiak irabazi eta lehen lau postuetan amaitu nahi dutela adierazi dute.

Elaitz Iregi Eskoriatzako emakumezkoen areto futbol taldeko senior mailako kapitaina da. Aurten egindako lan ona azpimarratu du hark, eta denboraldiko bigarren bueltan martxa berean jarraitu nahi dutela azaldu, gorantzako pausoak ematen jarraituta.

Nola ari zarete denboraldian?

Espero baino hobeto ari gara jokatzen, gogotsu gaude, eta lehen postuetara gehiago gerturatzeko asmoa daukagu. Sailkapenean, laugarren postuan gaude, partidu bat galduta, lau berdinketarekin, eta lau garaipen lortuta.

Bigarren itzuliko lehenengo partidua 1-23 irabazita, a zer-nolako garaipena?

Egia esan, bai. Beasainen kontra etxetik kanpora sekulako garaipena lortu genuen pasa den jardunaldian. Talde hasiberria da, gu baino gazteagoak direnak, eta, gure ligako talde errazena edo errazenetarikoa  izan arren, hurrengo partiduetara begiratu behar dugu.

Hurrengoa, etxean, Anoetaren aurka; partidu zaila?

Egubakoitzean 22:00etan jokatuko dugu partidua. Irabazi beharrekoa da eta dena eman beharko dugu. Ea herritarrak gerturatzen diren animatzera, nahiz eta, orokorrean, zaleez ezin garen kexatu…

Hemendik aurrera, helburu berezirik badaukazue?

Hasiera batean, lehen lau postuetan geratzea zen asmoa, eta laugarrenean gaude. Hala ere, hemendik aurrera denak irabazi nahi ditugu.

Duela urte gutxi jaiotako taldea, baina hazteko gogoz zaudete.

Kostata sortu genuen taldea, Narciso Pavoren eta Enrique Iregi nire aitaren laguntzarekin, eta bide onetik goazela uste dut. Taldean bi neska berri ditugu,  gainera, eta topera gaude.

Eta batzuk euskal selekzioarekin ere aritu zarete.

Nerea Pavo bigarren mailara joan zitzaigun, Marta Gartzia eta biok ere aritu gara entrenatzen euskal selekzioarekin, baina taldea da begiratu behar duguna, hori ez da garrantzizkoena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak