goiena.eus

Atxorrotxen gainean egindako dokumentala interes handikoa izan da

 Eskoriatza

Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik dokumentala atzo aurkeztu zuten, Ibarraundi museoan, eta ikus-entzunezkoa ikusi ondoren, Iñaki Sagredo eta Beñi Agirre historialariek honen inguruan hitz egiteko aprobetxatu zuten. Eskoriatzar ugari gerturatzeaz gain, bailaratik ere jende asko izan zen aurkezpenean, Ibarraundi betez.

Atxorrotxen gainean egindako dokumentala interes handikoa izan da
Beñi Agirre eta Iñaki Sagredo historialariek atzo eskainitako solasaldia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Nabarralde Fundazioak eta Hernani Errotzen elkarteak egindako lana da eta gidoia, dokumentazioa eta ikerketa Angel Rekaldek, Beñi Agirrek eta Miren Mindegiak egin dute. Historia aholkularitza, berriz, Jose Luis Orella Unzuek –EHUko eta Deustuko Unibertsitateko Erdi Aroko Historia katedraduna– eta Idoia Arrietak –irakaslea, Historian doktoratua– eman dute.

Atxorrotx gehiago ezagutzeko

Atxorrotx mendian, gaur egun, XVIII. mende inguruko ermita dago, eta adierazgarriak dira hango harriak; izan ere, gaztelu bat izan zenaren hondakinekin eginda dago. Beñi Agirre historialariaren esanetan: "Atxorrotxeko haitz zorrotz hura leku estrategiko bat zen, hango ikuspegia ikusgarria delako. Erdi Aroko aztarna askorik ez da agertu han, baina bai erromatarren garaikoak... Bada, ikus-entzunezko lan horrekin, Atxorrotxeko gazteluaren historian sakondu nahi izan dugu, besteak beste".

Azken proiekzioak

Datozen egunetan, 12:30ean eta 18:00etan proiektatuko da dokumentala Ibarraundin, eta zapatuan, goizeko pasea izango da soilik, arratsaldean itxita egongo delako. Azkenengo emanaldia, aldiz, ez da Ibarraundin izango: Zaldibar antzokian izango da, domekan, 19:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa