'Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik' dokumentala gaur zortzi ikusgai

Imanol Beloki Unamuno 2017ko urt. 3a, 17:32
Dokumentaleko fotograma bat, Atxorrotx agertzen dena.

Nabarraldek eta Hernani Errotzen elkarteak egindako 'Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik' dokumentala urtarrilaren 10ean aurkeztuko da Ibarraundi museoan. 18:00etan hasiko da ekitaldia, eta bertan, dokumentalaren berri emateko Beñi Agirre eta Jose Luis Orellak hitzaldia eskainiko dute dokumentalaren proiekzioarekin batera.

Hemen dokumentalaren inguruko testuingurua hobeto ulertzeko eta dokumentalaren mamiari buruz hobeto jabetzeko lanaren sortzaileek bidalitako mezua:

Atxorrotx oroimen tokia

Atxorrotx oroimen tokia Leintz bailarako urrutiko mendietatik ikusten da. Haitz zorrotz baten gainean tente, arrano harraparien talaia oro-ikusle baten moduan: Atx zorrotx. Gaur egun eraikin erlijioso batek jartzen dio goreneko teila. Gerturatuz gero, ordea, elizaren teilatu horren azpiko harri landuek gaztelu zahar baten aztarna erakusten digute. Beste askotan bezala, Nafarroa gineneko eraikuntza zibila suntsitua izan da zer ginen eta garen ahaztu dezagun, gurea, ikusezina bihur dadin.

Atxorrotx eta bere gaztelua Euskal Herriaren oroimen toki garrantzitsuenetako bat da. Amaiur, Noain, Malmasin, Gernika edo Naiarako monasterioak diren bezalaxe. Oroimen tokia esaten zaio errealitate historikoaz gain iruditeria edo sinbolismo jakin bat osatzen duen lekuari. Pierre Nora frantziarraren esanetan, “pertsonaia, gertaera edota toki bat oroimen tokia bihurtzen denean, bere egiatasun sinbolikoaren sustraiak ateratzen dira argitara, egiatasun eta errealitate historikoaz harago. Atxorrotx harkaitz mendi bat baino zerbait gehiago da.

Arkeologiak eta dokumentu historikoek erakusten digute Aitzin Arotik zegoela bizitza goialde horretan. Erromatarren garaiko zeramika arrastoak agertu dira, Nafarroako erresuma gineneko txanponak, gezi zorrotz eta arma arinak... Ez dugu ahaztu behar Atxorrotx, Durango-Markina, Ipuzkoa eta Hernani bezalako eremuak Nafarroako erresumarekin azaltzen direla lehen aldiz historiaren errealitate politiko eta instituzionalean.

Aurreko horiek denak eta beste askok osatzen zuten Erresumaren tenentzia sarea. Tenentzia bat da lurralde-eremu natural baten inguruan antolatzen den bizitza ekonomiko, sozial, erlijioso eta administratiboaren batasuna. Kantauri itsasaldeko isuri hauetan ibai nagusi baten eta bere inguruko mendi bailaren inguruan antolatzen ziren. Tenentea, berriz, erreinuaren ordezkaria zen. Gehienetan, bere esku izaten zuen lurraldea defendatzea kanpoko erasoen aurrean, justizia ezartzea auzi garrantzitsuetan eta bideko-zergak kobratzea.

Atxorrotxeko gazteluaren tokia, haitz natural baten gainean eraikia, leku aparta da bailara luze-zabal behatzeko. Gaztelua, behatokia zen. Apenas dozena pare bat gazteluzain eta haien beharretarako eraikuntzak: estalpeak, ukuiluak eta lotarako tokia. Erresumaren barrualdeko eraikuntza zen. Jendearen eta merkataritzaren joan-etorriak kontrolatzeko dorrea. Gaztelako mugatik urruti, inbasio militarren arriskutik salbu.

Mila ehun eta laurogeita hemeretzian, ordea, Aitxorrotxeko tenentzia eta bailararen historia erabat aldatuko zuen zorigaiztoko ezbeharra gertatu zen. Apirilaren 6an, Antso VII.a Azkarraren koinatua Rikardo Lehoibihotza, Chàluseko gaztelua hartzeko saioan hil zuten. Ingalaterrako errege eta Akitaniako jaunaren babesik gabe eta Nafarroako erregea urruti zegoela baliatuz, ekainaren 6an bertan, Gaztelako Alfontso VIIIak Araba inbaditu eta Gasteizi setioa jarri zion. Bederatzi hilabetez gasteiztar nafarrek setioari eutsi zien, baina errenditzeko baimena jasota, 1200eko udaberrian gaztelarren tropak erasoan sartu ziren Nafarroan. Atxorrotxeko bailaratik barrena, besteak beste, Baionaraino iritsi ziren.

Momentuz ez dugu ezagutzen zer gertatu zen Atxorrotxeko gazteluan, baina, garai hartakoak izan daitezkeen erreketa arrastoak eta gezi zartatuak, Antso VII.a Azkarraren txanponak txapongaztelarrekin nahasirik agertzea eta Jimenez de Radak Gaztelak irabazitako gazteluen zerrendan aipatzea, guda bortitzen erakusle dira.

Gaur egun ingurune hori paisaia isila da, indusketa baten lanabesen hotsak gora behera. Egunen batean, ordea, Atxorrotx memoriaren tokia izango da. Bere egiatasun sinbolikoaren sustraiak argitara ateratzen direnean, egiatasun eta errealitate historikoaz harago zer garen eta nondik gatozen oroitaraziko digu. Atxorrotx memoriaren parkea izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak