Buztinate Elkartea sortu berri dute Eskoriatzan

Imanol Beloki Unamuno 2016ko abe. 20a, 17:14
Buztingintza eta zeramika ikastaroko ikasleak eguaztenean ateratako talde argazkian.

Eskoriatzako buztingintza eta zeramika ikastaroko ikasle talde batek bultzatuta, Buztinate elkartea sortu dute.

2015ean egin zen lehen ikastaroa eta ordutik gaur egunera arte bi taldetan banatuta –haurrak eta helduak– beraien lanak egiteko denbora gehiagoren beharra ikusi dute, beste hainbat beharrez gain. Adibidez, Eskoriatzako Buztinateko labea ez dago erabilgarri, eta horren beharra dutela adierazi dute.

Olatz Pagalday elkarteko lehendakariaren esanetan: "Orain arte tailerrean egindako lan guztiak Gallartaraino eramaten ditu irakasleak egostera, eta berriz bueltan ekarri. Gure lanek Euskal Herria zeharkatzen dutela esan daiteke. Printzipioz, horrela jarraitzea da asmoa, baina etorkizunean irtenbidea eman nahi diogu arazo honi. Bestalde, Eskoriatzan buztingintzarako zaletasuna sortu nahi dugu. Herriko historiaren parte da, eta herrian elkarte bat izatea ezinbestekoa dela uste dugu. Horrez gain, aurrera begira Udalari lokal bat eskatu nahiko genioke; izan ere, buztinarekin aritzea zikina da, eta ezin gara gure etxean aritu lanak egiten; klaseez gain, denbora librea dugunean, gure lanak egiteko leku bat izatea zoragarria izango litzateke…".

Hala, elkartea sortzeko beharra ikusi dute, eta bazkideak bilatzen hasi dira dagoeneko. "Hasiera batean, bazkide izateko bost euro ordaindu behar dira edo 60 euro urtean; bi zatitan ordaintzeko aukera dago…".

Buztingintzaren onurak

Elkarteko kideek adierazi dute onura handiak dituela buztingintza eta zeramika ikasteak. "Irudimena eta erlaxazioa lantzen laguntzen du", eskuak erabiliz materiala manipulatuz, eta jendearekin momentu onak konpartitzeko aukera ematen duelako. "Giro ederra dugu ikastaroan eta bakoitzak nahi duena sortzeko aukera du. Eguazten arratsaldean izaten dugu ikastaroa helduok; aurretik, umeak izaten dira. Beraien lanak ere kuxkuxeatzen ditugu eta beraiek duten imajinazio handia gure lanetarako eredu ere hartzen dugu askotan."

Malgua eta anitza dela buztingintza adierazi du Pagaldayk: "Jendeak pentsatuko du betiko hautsontziak egiten ditugula, baina, egia esan, inork ez du egin halakorik. Lanparak, bozgorailuak, eskulturak, altzariendako eta bitxigintzarekin lotutako apaingarriak… egin ditugu. Ikastaroan ari den batek mugikorrarentzat bozgorailu bat egin du, eta aurrera begira molde bat egin gura du elkarteari dohaintzan emateko…".

Ikastaro berria, urtarrilean

Urtarrilaren 11n hasiko da ikasturte berria, eta  ekainaren 21era arte egongo dira eskolak Buztinaten. Orain arte bezala, eguaztenetan, haurrak 16:45etik 17:45era egongo dira eta helduak 18:00etatik 20:00etara. "Helduen taldean jende asko batzen bagara, goizetan ere ikastaroa jarriko dugu. Hala ere, jendearen inplikazioa eta gogoa ikusi gura dugu, ez diogu jende kopuruari begiratu nahi…".

Ikastaroan izena eman nahi duenak 662 210 422 telefonora deituta edo eskoriatzabuztina@gmail.com helbidera idatzita egin dezake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak