Musika banden topaketa zapatuan

Imanol Beloki Unamuno 2016ko aza. 25a, 10:08
Eskoriatzako bandak Zaldibar antzokian iaz emandako kontzertuan.

Santa Zezilia egunaren harira,  Beheko Errota Musika Eskolak musika banden topaketa antolatu du Eskoriatzan. San Asentsioko (Errioxa) eta Orduñako bandak izango dira zapatuan gonbidatu, eta, Eskoriatzako bandarekin batera, kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, 18:00etan hasita.

Kalejiraren ondoren, 20:00etan, kontzertua eskainiko dute hiru bandek Manuel Muñoz kiroldegian. Bertan, banda bakoitzak bi pieza joko ditu, eta banda guztiek elkarrekin hiru pieza joko dituzte.

Ekimen hau egitearen arrazoia da uztailean San Asentsioko bandaren gonbidapena jaso zutela Eskoriatzako bandako kideek bertara joateko, eta, han izan ostean, orain, trukean, errioxarrak eta Orduñakoak etorriko dira Eskoriatzara. San Asentsioko banda Jesus Urrutia Eskoriatzako musika eskolako ikasle ohiak gidatzen du, eta, Eskoriatzako bandako Angel Bañares zuzendariarekin hitz eginda, bandei indarra eta bultzada emateko antolatu dute topaketa. "Erlazio bikaina dugu bi banden artean, eta elkarri laguntzen saiatzen gara. Uztailekoa ez da lehen aldia izan bertan izan garena, beste behin ere izan ginen duela bi urte. Orain, Eskoriatzan elkartuko gara hiru bandak eta Orduñara ere joango gara aurrerago. Herrian giroa jarri nahi dugu, eta eguraldia lagun badugu, hobeto…", adierazi du Angel Bañaresek, Eskoriatzako bandako zuzendariak.

Haize-instrumentu joleak falta

Eskoriatzako bandak 30 urte inguru daramatza herrira musika zabaltzen. Urtean zehar hainbat ekitaldi egiten dituzte, eta, urte horietan gorabehera asko izan arren, goranzko bidean doazela adierazi du Bañaresek. "Gaur egun, haize-instrumentu joleak ditugu faltan, baina banda sortu zenetik jarraitzen duten musikariak ere baditugu… pozik egoteko moduan gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak