Agurtzane Telleriaren margolanak Inkernun ikusgai

Aitziber Aranburuzabala 2016ko aza. 6a, 13:52

Arrasateko margolariaren hamar lan batu dituzte Inkernu tabernan. Egubakoitzean zabaldu zuten Aztarnak izeneko erakusketa eta abenduaren 4ra arte egongo da ikusgai.

Arrasateko Margo Taldeko kidea da Telleria, eta euren irakasleak -Rikardo Azkargotak- proposatuta animatu zen bakarkako erakusketa egitera. "Taldekoekin hainbat erakusketa egin izan ditut, eta hilabete bukaeran beste bat jarriko dugu Kulturaten. Azkargortak lan asko nituela eginda eta ea zergatik ez nuen bakarkako erakusketa bat egiten esan zidan; eta Inkernu tabernakoekin harremana dudanez, bertan egitea adostu genuen. Hamar lan aukeratu ditut: Catrina -Mexikoko kalabera koloretsuak- erakusten diren bi daude eta gainontzekoak, margo esperimentalak edo irudi koloretsu abstraktuak dira", azaldu du Agurtzane Telleriak.

Erakusketaren izena, Aztarnak, margotzeko duen teknikaren adierazle dela gaineratu du. "Pintzelarekin margotzen dudan arren, ez dut ohiko eran margotzen, hau da, ez dut brotxarekin margotzen, pintzelaren makilarekin baizik; mihisean margoa jarri eta tarrasean eramanda, hain zuzen ere".

Erakusketa inauguratzeko, perfomance-a

Egubakoitz iluntzean zabaldu zuten erakusketa, eta modu berezian egin zuten: Catrina baten azalean sartuta Aretxabaletako Charo Gallego aktoreak bakarrizketa saioa egin zuen. "Bizilagunak gara Gallego eta biak, eta behin etxean ditudan hiru Catrinen irudiak ikusi zituenean, horrelako bat oinarri hartuta dramatizazioa egingo zuela proposatu zidan. ideia gustatu eta aurrera egin genuen".

Erakusketa ireki berria den arren, margolaria gustura da orain arte izan duen harrerarekin. "Dagoeneko bi lan saldu ditut, eta gehiago ere saltzeko prest, nola ez. Interesa duenak, tabernakoen bitartez jarri daitezke nirekin harremanetan".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak