Iurre Romaretazabala: "Chiapasko bizimoduaz maitemindu nintzen"

Imanol Beloki Unamuno 2016ko urr. 28a, 10:00
Iurre Romaretazabala.

Iurre Romaretazabala eskoriatzarra 22 urtez joan da Chiapasera (Mexiko) bertako indigena eta atzerritarrei laguntza ematera. Aurten ere bertan izango da lau hilabetez, azaroaren 3an joango da hara eta otsailaren 24an bueltatuko da.

Zer dela eta hasi zinen Chiapasera joaten?

1994. urtean turista moduan joan nintzen Mexikora, eta Chiapasera joatea erabaki nuen, nahiz eta bidaia agentziakoak ez joateko esan zidan. Garai hartan gerra zen han, eta, arriskua egon arren, joatea erabaki nuen. Ondoren, 1995ean, laguntza eskaintzera joan nintzen bereziki, eta, hango muturreko pobrezia ikusita, ordutik gaur egunera arte ahal dudana egiten ahalegindu naiz.

Ordutik hona, urtero joan izan zara. Zenbat denborarako?

Lehen urteetan bi hilabeterako joaten nintzen soilik, eta, 1999. urtea ezkero, ia lau hilabete pasatzen ditut han. Hango bizimoduaz maitemindu nintzen; ez da pobrezia bakarrik ikusten dena, zapatisten hausnarketek ere liluratuta utzi ninduten.

Kontatu, pixka bat, bertan ikusitakoak eta egindakoak?

Eguzki plakak ipini ditugu komunitateetan, medikazioak eramaten ditugu, josteko makinak, ura eramateko instalazioak jarri ditugu, arropa eraman… Laguntza txiki asko egiten saiatzen naiz. Esaterako, gor-mutu bati aparailu bat erosi genion, eta gaur egun lanean ari da… esperantza eman genion. Hala ere, muturreko pobrezia hori ikustea gogorra da.

Ordutik hona aldatu egin da egoera, eboluziorik izan da?

Gaur egun, zapatistek hobeto bizi direla diote. Beraien lurrak dituzte, eta baita euren legeak ere. Legeei dagokienez, Gobernu Onaren Batzordea izeneko instituzioa daukate. Oso interesgarria da; esaterako, hamabost egunera, ustelkeria saihesteko, herritarrek ordaindu gabeko "lan politikoak…" egiten dituzte txandakatuz. Urtero polizia ere txandakatzen da beraien artean… hemen dena kritikatzen dugu, baina egoera horretan jartzea ez da erraza. Beste mundu bat sortu dutela esan daiteke, nahiz eta beti ez dituzten egoki egiten gauzak; alde onak dituen arren, ez da praktikoa. Horrez gain, Casa Cereza izeneko espazio komunitarioko emakumeei ere laguntza eskaintzen diet. Bertako kartzela Cerezo da, eta hortik dator izena, ironikoki; han dauden emakume gehienak etorkinak dira, bidegabe kartzelatuak izan direnak. Bost urtean 60 emakume atera ditugu kartzela horretatik, eta, ondoren, ahal dugun neurrian laguntza ematen diegu.

Zein proiektu burutuko duzu aurten?

Betiko moduan, diru pixka bat eramango dut, baina motibatzen nauena da laguntza morala ematen diedala. Piztiaren Treneko etorkinei ere lagunduko diet. Tren honen gainean joaten diren etorkinak aterpetxeetan geratzen dira, apaizek kudeatzen dituztenak, eta haiekin ere egongo naiz, ukenduak eramango diet…

Bertako ideologia Eskoriatzara ere ekarri duzu, ezta?

Eskoriatzan 17. Aste Zapatista egingo dugu aurten. Zaila da kontzientziak esnatzea, eta ez da lortzen jendeak txipa aldatzea. Hala ere, EskoZap taldea daukagu eta beti ditugu eta izango ditugu ateak zabalik aldaketa nahi duenarentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak