goiena.eus

Santa Ana kalean irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira

 Eskoriatza

Santa Ana auzoan irisgarritasuna hobetzeko lanak urri amaieran hasiko dira, eta hiru aste iraungo duten obrak 12.945,91  euroko aurrekontuarekin egingo dira.

Santa Ana kalean irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dira
Santa Ana auzoan egingo da obra urriaren amaieran. | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Arana kalean norabide bakarreko zirkulazioa jarri zenean, trafikoaren zati handi bat Santa Ana auzotik bideratu zen, eta horrek mugikortasun eta irisgarritasun arazo batzuk sortu ditu herrian; adibidez, autoak abiadura handian ibiltzen dira, eta oinezkoen hainbat kexa jaso ditu Udalak. Hirigintza eta Mugikortasuneko batzordeburu Josu Ezkurdiaren esanetan: "30 kilometro orduko muga dago bide zati horretan, eta 50 kilometro orduko abiaduratik gora ere pasatzen dira hainbat gidari…".

Abiadura murrizteko lanak

Hori horrela, Pagaldai harategiaren parean goratutako zebra-bidea jarriko da, autoek abiadura moteldu dezaten, eta zati horretan trafikoa aldiko norabide batekoa izango da eta lehentasuna izango dute Antsoategiko biribilgunetik datozen autoek, eta ez Zaldibar aparkalekutik datozenek. Hori horrela, "etorkizunean etxebizitzak egingo dira Zaldibar aparkalekuan, eta, eguna heltzen denean, ez dugu obrarik egin beharko bertan".

Gainera, espaloia zabaldu eta egokitu egingo da, errepideari zati bat kenduz, hala oinezkoak seguruago ibili daitezen. Hiru astean amaituko dituztela lanak aurreikusten da, eta, errepidea,  hasiera baten, itxi barik, urriaren amaiera aldera hasiko dira Sasoi enpresak (San Pedroko urbanizazio berria egin zuena) egingo dituen lanak.

Zamalanetarako bi aparkaleku

Azkenik, bertan dauden komertzioetarako lanak erraztearren, zamalanetarako bi aparkaleku ere egokituko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa