Kirol Elkartearen Eguna hamar urtez ospatzen

Imanol Beloki Unamuno 2016ko mai. 27a, 10:35
Iaz Eskoriatza Kirol Elkartekoek plazan egin zuten herri bazkarian batutakoak. | eskoriatza k.e

Eskoriatzako Kirol Elkartearen Egunak hamargarren urteurrena ospatuko du zapatu honetan. Urtero moduan, kirola izango da protagonista, baina beste hainbat ekintzarekin ere beteko da herria. Honekin batera, lehen aldiz, Motorzaleen Lehen Topaketa egingo da elkartearen egunarekin batera.

Kirol Elkartearen eguna kadete B mailakoen saskibaloi partiduaz hasiko da 10:00etan, kiroldegian (Eskoriatza-Take Tolosa). Motorzaleak ere ordu berean irtengo dira plazatik egunerako antolatu duten bidea egitera, plazan harrera egin ondoren. 11:00etan, auto eta motor klasikoen erakusketa  egingo da Luis Ezeizako patioan, eta partxis plazan, eta 11:30ean, herriko beteranoen saskibaloi partidua jokatuko da. 12:00etan, haurrentzako jolasak, eskulanak… izango dira herriko plaza apaintzeko asmoz, eta goiz osoan zehar, Zubiako txistorra jan eta sagardoa edateko aukera ere izango du nahi duenak.

13:30ean, motorren kontzentrazioa egingo da plazan, eta 14:30ean, herri bazkaria egingo dute kirol elkartekoek motorzaleekin batera; guztira 200 pertsona inguru izango dira. Bazkaria plazan izango da, eta eguraldi txarra egiten badu, aldiz, frontoian. Urtero egin ohi duten moduan, paella erraldoia prestatuko dute, beste jaki batzuez gain.

Arratsaldean, A.V. Campos Stunt Ride taldearen eskutik, motorren ikuskizun akrobatikoa egingo da 17:00etan, estazio zaharrean. Egun osoan zehar, Imanol DJaren musika izango da plazan, eta 19:00etan, Andoni Moto DJak errelebatuko du. Musikaz batera, parrillada prestatzen hasiko dira, eta 21:30ean, Super Eskoloteren zozketa ere izango da. Guztira, produktu ezberdinez betetako bost loteko zozketa izango da. Antonio Regaño elkarteko kidearen esanetan "Eskerrak eman nahi dizkiegu herriko komertzio eta tabernei, aurten produktu pila eman dizkigutelako…" .

Motorren topaketa lehen aldiz

Lehen topaketan, ibilbidea prestatu dute egunerako motorzaleek, eta 10:00etan irtengo dira plazatik; Arlaban-Legutio-Barazar mendatea-Otxandio-Urkiola-Otxandio-Oleta-Kruzeta-Aramaio-Arrasate-Aretxabaleta-Eskoriatzako Santa Marina plaza (motorren aparkalekua izango dena).

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak