Aratusteak 2016

Urdelardero egunarekin hasiko dira Eskoriatzako Inauteriak

Imanol Beloki 2016ko urt. 29a, 13:46
Urdelardero egunerako dantzak entseatzen.

Eguen Gizenean, otsailaren 4an, ospatuko da Urdelardero, eta egun horretan hasiko dira Inauteriak Eskoriatzan. Umeak, goizean, baserritar jantzita irtengo dira kalera, ziria eskuan dutela; sagarra, txorizoa… askotariko jakiak barruan sartuta eroango dituzte. Kantuan ere arituko dira etxez etxe, eta, trukean, gozokiak botako dizkiete herritarrek leiho eta balkoietatik.

Arratsaldean, Korri eta Salto pailazoak izango dira, 17:00etan, Zaldibar antzokian, eta, hauen ikuskizuna amaitzean, 18:15 aldera, txokolatea bizkotxoekin jateko aukera izango da plazan. Horretarako, nork bere edalontzia eraman beharko du. Txokolatearekin indarrak hartu ondoren, Inauterietako dantza egingo dute herritarrek plazan. Dantza egiteko entseguak urtarrilaren 24an egin zituzten frontoian, eta domeka honetan, hilaren 31n, 18:00etan batuko dira entseatzeko.

Zapatuan, otsailaren 6an, mozorroen eguna izango da, eta 13:30ean desfilea izango da herrian zehar. Hain zuzen ere, Huheziko aparkalekura edo kultura etxera joanda eman beharko da izena, aldez aurretik. Talde bakoitzak zenbaki bat eroango du, desfilean noren atzetik joan behar duen jakiteko. Desfilea bera lehiaketa ere izango da, eta egiten ari diren bitartean erakustaldi bat egingo dute parte-hartzaileek. Sari banaketa, berriz, arratsaldeko zazpietan izango da, herriko plazan.

Herri bazkarirako txartelak

Urtero moduan, herri bazkaria Joseba Iñurrategi frontoian izango da, 14:30ean. Makarroiak bolognesa erara, oilasko-bularkiak saltsan eta txokolate-tarta izango da menua. Txartelak salgai daude dagoeneko Goxo Txikin eta Inkernu tabernan; helduek 15 euro ordaindu beharko dute eta 14 urtera arteko gaztetxoek, berriz, 10 euro. Txartelak erosteko azken eguna otsailaren 2a izango da. Bestalde, mahaia erreserbatzeko aukera egongo da. 943 71 46 88 telefonora deituta, kultura@eskoriatza.eus helbidera idatzita edo Whatsapp bidez, 650 49 51 66 zenbakira mezua bidalita.

Bazkaldu ostean, 16:00etan, zezentxoak eta txikienentzako poneyak egongo dira Gorosarri plazan, eta, ordu berean, Egan taldearen dantzaldia hasiko da plazan.

Ikastetxeetakoen jaialdia

Inauteri-martitzenean, hilak 9, umeen jaialdia egongo da frontoian, 10:30ean hasita. Arizmendi Ikastolako eta Luis Ezeiza herri eskolako ikasleek hartuko dute parte, eta azken asteotan entseatzen ibili diren abestiak eta dantzak eskainiko dituzte. Amaitzeko, txistorra izango da parte-hartzaile guztientzat.

Kukumarroak eta DJak

Eskoriatzako pertsonaia nagusiak diren kukumarroak izango dira arratsaldean. Jendea zirikatzera eta beldurtzera irtengo dira, eskuan puxika dutela. 17:00etan irtengo dira kultura etxetik, eta, ohiturak dioen moduan, umeen irainak entzun beharko dituzte. Esate baterako: "Kukumarro, txorimalo!".

Eguna amaitzeko, berriz, DJak izango dira herriko plazan, 18:00etan. Josu Rodriguez eta Jon Tirapu ETB1eko Gu ta gutarrak programako bi protagonista izango dira 20:00ak arte askotariko musika estiloak jartzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak