Herri galdeketarako konpromisoa hartu du Udal Gobernuak

Imanol Beloki 2015ko eka. 26a, 13:53

Eskoriatzako udalbatza berriak lehenengo ezohiko osoko bilkura egin du. Lehenik eta behin, batzordeak osatu dituzte. Bost batzorde izango ditu Eskoriatzako Udalak, eta zinegotzi jeltzaleen eskuetan egongo dira. Edozein kasutan, Joserra Zubizarretak azaldu duen moduan, "ez da erabaki definitiboa, proposamen berrietara irekita gaude". Aipatzeko beste gai bat hondakin bilketaren inguruko herri galdeketa egiteko konpromisoa publikoki hartu dutela izan zen, besteak beste.

Udalbatzarrak hamaika gai landu zituen arren, honako hauek dira esanguratsuenak:

Herri galdeketarako konpromisoa

EAJk konpromiso garbia hartu du herritarren aurrean hondakin sistemaren inguruko herri galdeketa egiteko. Hala, Udala eta Mankomunitatearen Gobernu atalak martxan egonda, lehen pausuak hasiko dira ematen. Besteak beste iragarri dute loteslea izango dela. Horren aurrean, Joserra Zubizarretak argitu nahi izan du, euren asmoa dela herritarren parte-hartze arautegi bat bideratzea, eta aldi berean, herri kontsultak bere bidea jarraituko duela.

Bost batzorde

Batzordeak ezinbestekoak dira udalbatzarako, eta atzoko osoko bilkuran lehen proposamen operatiboa egin zuten. EH Bildu eta Irabazi alderdiak abstenitu egin ziren bozketan, oraindik aztertu beharra dutela azalduz, baina sei baiezkorekin aurrera irten zen proposamena.

Udala bost batzordek osatuko dute: Hirigintza eta Mugikortasun batzordean ardura nagusia, Josu Ezkurdiak izango du. Ekonomia eta garapen jasangarri batzordean, Maite Zubiak. Kultura, Kirola eta Euskara batzordean, Puri Regidorrek, Zerbitzu sozialak eta integrazio batzordean, Maite Uribek. Eta, Gobernu eta finantza batzordean berriz, Joserra Zubizarreta izango da arduradun.

Hala eta guztiz ere, hizketan jarraituko dute gainontzeko alderdiekin, eta irekita daude proposamen eta ekarpen berrietara honako baldintza honekin: aldaketa esanguratsuak egin behar baditu alderdiren batek, Udal Gobernuan sartu beharko da.

Ohitura berreskuratuz

San Pedro eguneko meza nagusian udalbatzarrak parte hartzeko ohitura berreskuratzea onartu zen. Baina banderarekin ez dute menpekotasun keinurik egingo. Ohitura zaharra berreskuratuz, gonbidapena egin zien alkateak udalbatzako kideei San Pedro egunean mezara joateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak