Alkategaiak ezagutzen

Jose Ramon Zubizarreta: "Urkulluk lortu bazuen, guk zergatik ez!"

Marijo Deogracias 2015ko api. 23a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Gelak eta nerabeak zinegotziz beteriko osoko bilkuraz aldatzeko gertu dago Jose Ramon Zubizarreta (Eskoriatza, 1955), Arizmendi ikastolako irakasle beteranoa. Jeltzaleen zerrendaburu doa, militante izan barik, Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzak “gutxienez berdintzeko” asmo sendoz.

Irakasle zara eta ari zara, baina kudeaketan ere hamaika ardura izan dituzu. Gustukoen?

Askotan tokatu zait biak uztartzea. Arizmendiren aurretik Hezibiden ibili nintzen eta handik bueltan hainbat ardura hartu izan ditut; hezkuntza kooperatiben lehenengo lehendakari 8 urtez, Arizmendiren sorrerako prozesuko kide, Ikastolen elkarteko Gipuzkoako lehendakaria...

Karguetara ohituta, beraz?

Karguetara ez dakit, ardurak nirekin eramatera bai.

Alkate izendatzen bazaituzte, ardurarekin batera dator kargua.

Bai, hor etorriko dira biak, bai; ea egia den! Baina hori eskoriatzarren esku dago. Gu ilusio handiarekin aurkeztuko gara, aspaldiko partez EAJk talde polita osotzea lortu du eta esperientzia interesgarria eskainiko dugu, herriko elkarteetan aritutako jendea delako eta ilusio handia jartzen duen jendea delako. Ni aukeratzea horren gidari, edo buru, benetan pozgarria izan da niretzat. Jende askok zoriondu nau kaletik eta horregatik ere libreta bat hasi dut, jendea jada esaten hasi zaidana jasotzeko.

Zuk zeuk hartu duzu erabakia, ala kontsultatu egin duzu?

Etxean kontsultatu dut, baina han ere ohituta daude ni hainbat saltsatan ikustera.

Ardurak izaten ohituta egonagatik ere, lehentasun berriak zehazteak zer suposatuko dizun aurreikusi duzu?

Orain arte ardurak eskolan ematearekin elkartu ditut, inoiz ez diot eskolak emateari utzi. Ardura, karga eta kargu berriak etorriz gero, eskolak utzi beharko nituzke eta horrek bai ematen dit pena.

Zerk eraman zaitu zerrendaburu izateko eskaintza onartzera?

Oso gazterik izan naiz saltsa askotako perrexila. Aurretik ere ezustean deitu zidaten zerrendaburu izateko. Baina lehengusua aurkeztekoa zenez, Bildutik, ezetz esan nuen. Hala ere, konpromisoa hartu nuen alderdian laguntzeko. Denbora horretan joan gara egosten eta behin egosita onena jatea da eta horrela suertatu da. Ez naiz militantea, baina EAJ alderdi serioa eta eraginkorra iruditzen zait eta gauzak ez dituena nola hala egiten; hori konprobatzeko aukera izan dut denbora honetan.

Aholku emailea ala aholkuak jasozalea zara?

Entzuten dakien pertsona naiz eta gustuko dut jendeak esateko duena entzutea; horregatik, igual, ematen du distantea naizela. Baina behin ematen hasten naizenean, dena ematen dut. Hortaz, entzutea eta jendearen iritzia ezagutzea gustuko dut, nire pentsakerarekin eta egitekoarekin kontrastatzeko, baina egia esateko, nire horietatik ateratzea kosta egiten zait, burugogor samarra naiz.

Orduan, zer izango zaizu zailago, nerabez beteriko gela bat gobernatzea ala udal batzarra?

Nerabeekin ohituta nago, 12-15 urteko neskato-mutikoekin jardun izan dut eta horiek bai direla miurak!

Oposizioa baino gogorragoak?

Uste dut jende heldua garela eta gai izango garela akordioetara iristen. Egongo dira gauza oso zehatzak eztabaidatu beharko ditugunak, Eskoritzan, esaterako zaborren inguruan, baina askoz gauza gehiagotan ez dut uste eztabaida izango denik.

EHBilduko zerrendaburua, Zubizarreta hura ere, familikoa?

Lehengusua, lehengu-lehengusua gainera; gure aitak, anaiak eta gure amak, ahizpak! Baietza eman ostean jakin nuen bera ere atzera izango zela zerrendaburu.

Nonork esango du famili bakarrak gobernatuko duela udala?

Hori beroi izan daiteke inflexio puntu bat, ezta? Zenbait momentutan distantzia egongo da, baina beste batzuetan gerturatzeko aukera ere izango dugu.

Abantaila, beraz, aspaldiko ezagunak zaretela!

Bai eta gainera esperientzia askotan elkarrekin aritu izan gara, oso ondo ezagutzen dugu elkar.

Alderdiari jarraitzeak, agian, eragingo dizuete desadostasunik?

Baina hori lau gauzakin bakarrik gertatuko da.

Mendia ei duzu zaletasun.

Zaletasun eta oxijenazio modu. Ardura askorekin ibili naizenetan ere asteburuak sakratuak izan dira, ahalik eta gehienetan mendian egiten ditut. Ordu asko egiten ditut mendian eta uste dut, gainera, ardurak eramateko lagungarri dela.

Lagunekin ala etxekoekin joaten zara?

Askotan bakarrik, eta geroz eta gehiago gustatzen zait gainera, bronkak entzun behar izaten baditut ere! Lasaitasuna ematen dit bakarrik joateak ze, argazkiak atera zalea ere banaiz eta askotan geratzen naiz argazkiak egiten.

Komunikabideak jarraitzen dituzu?

Bai, bai, nahiko txaskarrilleroa naiz. Gainera gizarteko irakaslea naiz eta behar izaten dut eguneratuta egon.

Noiz kontsumitzen dituzu komunikabideak?

Irratiarekin esnatzen naiz eta kotxean irratia entzuten dut.

Euskaraz?

Irratia euskaraz bakarrik.

Egunkaria, erosi ala tabernan irakurtzen duzu?

Bietakoa egiten dut, kontrastatzeko.

Opariren bat egin behar izanez gero, liburua ala diskoa?

Zalantza egingo nuke. Gazte batentzako bada liburua, eta adin batetik aurrera, diskoa.

Ze disko?

Orain arte erraza zen galdera erantzutea: Benitoren azkena. Klasikoegia naiz. Mendi ibilaldietan Benito da nire laguna, bestela Iparraldeko Gu taldea zena.

Mendian argazkiak egiten dituzula diozu... Eguraldiaren tartera bidali duzu inoiz?

Behin Urbasan grabaturiko bideo bat bidali nuen, udaberria sortzen ari zen baten, baina ez nuen zorterik izan, ez zuten eman.

Beraz, eguraldiaren tartea ere jarraitzen duzu!

Bai, batez ere mendiko planak egiteko; beti egoten naiz, “Andonio, dios! Aldatuik!”, ze, aspaldiko honetan beti ematen du txarra!

Ea ba, busti zaitez, 2007an 298, 2011n 231, 2015ean?

636. Autonomikoetan lortu genituenak. Gurako nuke horra heldu, amets egitea erraza da-ta! Alderdia gai izan bazen 636 pertsona konbentzitzeko, gu izan behar gara orduan bezain erakargarriak. Gainera irabazi behar dugula garbi dago, 2 arrazoirengatik: aspaldiko partez alderdiak lortu duelako talde iraunkor eta konprometitua lanean jartzea, eta hori jada irabaztea da; eta, bestetik, aurrekoetan baino boto gehiago aterako ditugulako. Urkulluk lortu bazuen, guk zergatik ez!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak