Atzera bota dute Eskoriatza Garbia plataformaren mozioa

Mirian Biteri 2013ko urt. 30a, 15:46

Luze jardun zuten atzo –eguaztena– hiri hondakinen gainean Eskoriatzan egindako osoko bilkuran. Eskoriatza Garbia herri plataformak mozioa aurkeztu zuen, bosgarren edukiontziaren alde; udalbatzak ez zuen proposamena onartu.

Eskoriatza Garbia plataformako hamar bat kide elkartu ziren osoko bilkuren aretoan, eztabaida bertatik bertara jarraitzeko. Josu Ezkurdiak eta Rafa Salidok bozeramaile lanak egin zituzten udal ordezkarien aurrean.

Mozioa bi puntuz osatuta zegoen: iazko ekaineko atez ateko sistema jartzeko akordioa ezeztatzea, eta horren ordez, bosgarren edukiontzia jartzeko neurriak hartzea, batetik. Eta herritarrei kontsulta egitea zaborra biltzeko sistema aukeratzeko, bestetik. Puntuka bozkatu zuten, eta bi eskaerak atzera bota zituzten.

Lehen puntuak PSE-EE eta EAJko zinegotzien babesa jaso zuen; Bilduko lau ordezkari eta Ezker Anitzakoen kontrako botoak; eta Bilduko Arantza Iregi eta Elizateetako zinegotziaren abstentzioak. Bigarrenak EAJ eta Ezker Anitzaren aldeko botoak; Bilduko lau ordezkarien kontrakoak; eta PSE-EE, Bilduko Iregi eta Elizateetakoen abstentzioa lortu zuen. Hortaz, atzera bota zituzten bata zein bestea.

Esan bezala, luze jardun zuten gai horretaz. Mozioa aurkeztu ostean, Ingurumen zinegotzi Igor Ezpeletak hartu zuen hitza. Plataformaren "borondate ona" eskertzearekin batera, sistema "derrigorrezkoa" eta "pertsonalizatua" izatearen beharra azpimarratu zuen, besteak beste, herritarren "kontzientziazio eta parte-hartze mailagatik". Jarraian, Aitor Urrutia jelkideak egin zuen berba. Plataformak duen babesa nabarmentzearekin batera, mozioak aurreikusitako eskariekin bat egin zuen. Gainera, atez atekoak birziklagarria ez den materialari irtenbidea ez diola ematen, eta  errausketa-instalazioaren harira, Bilduri leporatu zion "beldurraren kultura" zabaldu gura izana.

Parte-hartze prozesua irailean

Beñat Herce alkateak erantzun zuen "uda ostean" martxan jarriko den "kalitatezko" parte-hartze prozesuan "informazio osoa" eskainiko dela. Eta hilero egiten den Garapen batzorde informatibora gura duten dokumentazioa eta ekarpenak aurkezteko gonbita egin zion plataformari. Bestalde, Ezker Anitza-IUko Juan Luis Merino "topalekuak" lortzearen alde agertu zen, eta "zentzu eta zorroztasunean oinarritako adostasuna" beharrezkotzat jo zuen. Era berean, plataformari babesa azaldu zion, herrian sortutako ekimena dela argudiatuz, eta gaineratu zuen hori aintzat ez hartzea "okerra eta heldugabetasun politikoaren erakusle" litzatekeela. Horrez gain, esan zuen "Eskoriatzako birziklatze-tasa %32an geratu" dela eta, aldiz, "gora" egin duela zabortegira bidaltzen den hondakin kopuruak, eta "kezkatzekoa" dela hori.

Plataformako kideek gogorarazi zuten 1.240 eskoriatzarren babesa dutela, eta lanean jarraituko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak