Leiho eta balkoietako loreen lehiaketa deitu du Udalak bosgarren urtez

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko eka. 18a, 11:00

Aurten berritasun bat dago leihoak eta balkoiak baloratzerako orduan, izan ere, kultura batzordekideek, lorezaintzako profesionalek eta Olazar jubilatu elkarteko kideek osatutako epaimahaiak lehenengo aukeraketa egingo du eta sei balkoi edo leiho aukeratuko ditu ondorengo bozketarako. Domeka honetatik datorren eguaztenera bitartean epaimahaiak aukeratutako leiho eta balkoien argazkiak kultura etxeko sarreran eta interneten egongo dira ikusgai eta orduan etorriko da herritarrek bozkatzeko txanda. Nahi duenak bere botoa eman ahalko du baina pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.

Udaleko kultura batzordeak lehiaketa honen bitartez, eskoriatzarrak animatu gura ditu herriko leihoak eta balkoiak loreekin apaintzera. Horrela, herria edertzeaz gain, udaberri-uda garaian herriko kale nahiz fatxadetan loreak protagonista izatea lortu nahi dute, beste urte batzuetan bezala.


Ez da izena eman behar


Lehiaketan parte hartu ahal izateko ez da izenik eman beharko. Nahikoa izango da leiho eta balkoiak lorez, aihen-belarrez edo beste edozein landarez apaintzea. Herriko hirigunean dauden etxeetako leihoak eta balkoiak hartuko dira kontuan, kaletik begiratuta ikusteko moduan daudenak.


Lore apainketa diseinua erabat librea izango da eta San Juanetarako leiho eta balkoi guztiak prest egon beharko dira epaimahaiak bere lana egin ahal izateko.


Irizpide estetikoak


Baloraziorako irizpide estetikoak bakarrik neurtuko dira: batetik, lore-konposizioaren bolumena eta kolore konbinazioa; eta bestetik, leiho eta balkoiaren kokapenaren arabera egindako egokitzapena.

Irabazlea


Irabazle bakarra egongo da eta San Pedro bezperan jakinaraziko da izena, hilaren 28an, hain zuzen. Saria bertako produktuez osatutako saski bat izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak