Lukas Prest: "Betiko ostia txarra umorea eta zarata egiten jarraitzeko asmoa dukagu"

Maider Arregi 2012ko mai. 30a, 02:00

Sei urteren ostean Lukas Prest taldea bueltan da. 80ko eta 90eko hamarkadetako hardcorearen mezua eta doinua zabaltzeko prest daude. Umoretsu topatu ditugu eskoriatzarrak:

Bost urteren ostean bueltan zarete, zergatik?

Gure aurreko etapan kristoren fama lortu genuen, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Errioxan ere. Fama horrek diru sarrera handia ekarri zigun, kolkoa bete diru geneukan. Baina dirua azkar joaten da, eta are gehiago gaztea izanda bizitza txarrean sartuz gero, gure kasuan bezala. Beraz, krisia dela-eta lortutako diru dena xahutu genuenez, ba, rockstar-ek egiten dugun moduan, bueltatu egin gara berriz ere diru pila egiteko asmoz, kar-kar-,kar. Ez, broma da. Utzi genuenean, derrepentean utzi genuen eta ez genion amaiera duinik eman taldeari. Hori dela eta, 6 urteren ostean elkartzea erabaki dugu.

Ze aldaketa izan du taldeak?

Aldaketa batzuk egon dira. Lehen baino ile gutxiago daukagu eta tripa handitu egin zaigu. Gainera, osasunez ez gaude orain dela sei urte bezain ondo. Baina betiko umorea, ostia txarra eta zarata egiten jarraitzeko asmoa daukagu. Bestalde, taldekideak berdinak gara, estetika operazio bat edo beste tartean, baina berdinak.

Elkartasun Eguna: utzi zenuten toki berera bueltatuko zarete; urduri?

Ba, egia esan, beti izaten dira urduritasunak kontzertu baten aurrean. Eta are gehiago, 6 urtez laurok batera entseatu gabe egon ostean. Baina ez da urduritasuna sentitzen dugun bakarra, irrika ere hor dago, kristoren gogoa dugu kontzertu bat jotzeko. Gainera, Elkartasun Egunean jotzea guretzako berezia da, orain sei urte gure azken kontzertua bertan eman baikenuen. 

80-90eko hardcorea, punka… ildo berean zatozte?

Bai. Beti entzun izan dugu musika hori, eta horrela izaten jarraitzen du. Gainera, azkenaldian ez dira garai hartako hardcorea egiten duten taldeak agertzen. Beti pentsatu izan dugu pixka bat lehenago jaio behar genuela, garai hartako kontzertu, gaztetxe mugimendu, etab. bertatik bertara bizi izateko.

ESKORIA-TZA, BAP!!, El Corazon del Sapo… zer dira zuendako? 

Gure mesiasak dira, gaztetatik entzuten ditugu talde horiek eta guretzako inspirazio dira. Eta gu haien ebanjelistak gara, hardcorearen mezua eta musika zabaltzen dabiltzanak.

Zuen jarraitzaileak pozik egongo dira, ezta?

Bai, jada jarri dira gurekin harremanetan gure fan klubeko kideak eta lehenengo kontzertua haiei eskainiko diegu party pribatu baten. Maddonak egiten badu, gu ez gara gutxiago izango. Ez, serio. Jarraitzaileak? Zer da hori? 

Askok lehen aldiz ikusiko zaituztete taula gainean.

Bai, eta polita izango litzateke bai gazteek eta nagusiagoek ere musika mota hau ezagutzea eta harekin disfrutatzea.

Diskoa noizko?

Ba ez dakigu. Hasiera baten, kontzertu batzuk jo eta gustura bagabiltza, jotzen jarraitzeko intentzioa daukagu. Aurreko etapan maketa pare bat atera genituen eta beti izan dugu buruan disko bat publikatzea. Ekonomikoki, baina, ez gabiltza oso ongi, eta disko bat ateratzeko beti egin behar da inbertsio bat.

Zenbat abesti berri dituzue? 

Bat ere ez. Nostalgikoak gara, eta gure betiko abestiekin jarraituko dugu; bertsio batzuk ere egingo ditugu, noski. Baina hasiak gara abestiren bat edo beste asmatzen, eta beste mordoxka bat ere asmatzeko intentzioa daukagu. Agian, erretiro espiritual batera joango gara bertan konposatzeko asmoz. 

Ze asmo orain?

Gure leloa umorea, ostia txarra eta zarata da; beraz, ondo pasatzeko bai, inolako presiorik gabe eta nagusien sonotoneak txikitzeko. Horretarako badauzkagu aukerak: lehenengo kontzertua –party pribatuaz gain– Elkartasun Egunean joko dugu ekainaren 2an Arrasaten; ekainaren 16an Antzuolan; eta, nola ez, munduko jairik onenetan ere, sanpedroetan, Eskoriatzako txosnetan ekainaren 29an, martitzenean.

Horrenbeste artista egonda, bideoklipen bat ere egingo duzue...

Agur moduan atera genuen bideokliparekin oso pozik gelditu ginen eta esperientzia polita izan zen. Eta abesti berriren batekin ez legoke gaizki berri bat egitea. Gainera, esperientzia badaukagu ikus-entzunezkoen munduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak