Festa giro bikaina Aitzorrotz egunean

Irati Goitia 2012ko mai. 13a, 18:08

Aitzorrotz kultura elkartearen eguna ospatu zuten atzo Eskoriatzan eta izan zen non gozatzeko aukera, egun osoko egitaraua prestatu zuten-eta. Esaterako, jende asko batu zen bertso saioan, arratsaldeko kontzertuetan eta bazkarian.

Herriko plazan egin zituzten ekintza guztiak eta goizean goizetik batu zen jendea bertan. 12:30ean bertso saioa izan zen eta asko izan ziren Andoni Egaña eta Uxue Alberdiren bertsoak entzutera joan zirenak. Elkartea izan zuten hizpide bertsolariek batez ere, baina umore giroan ere ibili ziren.


Ostean, Herrixa dantzan saioa egin zuten; aurtengo berrikuntza nagusia. 30 lagun inguru batu ziren dantzarako.


Indarrak errekuperatzeko bazkaria izan zuten gero, plazan bertan; 100 lagun elkartu ziren. "Jende asko animatu da eta izugarrizko giro ona izan dugu. Adin guztietako jendea bildu da" adierazi digu Iñaki Kortazar Aitzorrotz kultura elkarteko kideak.

Kontzertuak

Arratsaldean, kontzertuak izan ziren. Hori izan zen beste berrikuntzetako bat. Izan ere, formatua aldatu dute aurten antolatzaileek; lehen, kontzertu bakarra izaten zen eta aurten bakarlaria eta bi talde izan dituzte. Hala, eszenatokira igotzen lehena Fermin Balentzia nafarra izan zen "kopla zaharrak kantatu ditu, politikoak; jendeak oso gustura entzun ditu" esan digu Kortazarrek. Ondoren, Londresetik etorritako Beaux Degats taldeak jo zuen. Jende asko batu zen ingelesen punk-rock doinuak entzuteko, baina ezustekoa herriko taldeak eman zuen. "11 urteko mutilek osatzen dute Hankazgora herriko taldea eta jendea harrituta gelditu da euren emanaldiarekin; izugarrizko maila dute".

Datorren urtean gehiago

Pozik da Kortazar egunak emandakoaz: "Balorazio positiboa egiten dugu. Datorren urtean gehiago eta hobeto; espero dugu berrikuntza gehiagorekin etortzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak