Emankorrak izan dira VII. Komunikaldiak

Goiatz Arana Begiristain 2012ko mar. 22a, 13:00

Jardunaldi aberatsa izan zen atzo, eguaztena, Huhezin egindakoa. Bideo jokoak eta hezkuntza izan zituzten berbagai eta hainbat ondorio atera zituzten: bideo jokoetatik asko ikas daitekeela eta hazten ari den sektorea dela, adibidez. Ikasle eta irakasleek interesez jarraitu zituzten hizlariek esandakoak.

Hitzaldiak izan ziren goiz partean, Arantza Atutxa –Creativity Zentrum–, Asier Quesada –Delirium Studios– eta Carlos Gonzalezen –People&Videogames– eskutik; eta mahai-ingurua egin zuten arratsaldean, Iruri Knorr –Ideateca–, Ignacio de Otalora –DigPen–, Josu Cobelo –Dada Company– eta Joannes Txabarriren –Ikasplay– parte hartzearekin –Igor Leturia arrasatearrak egin zituen moderatzaile lanak–. 

Ideia ugari jarri zuten mahai gainean eta hainbat ondorio ateratzeko bidea eman: milioika lagun ari dira munduan bideo jokoak erabiltzen, baita Euskal Herrian ere, eta sekulako dirutzak mugitzen ditu sektore horrek; hazten ari den sektorea da eta lanpostu asko sortuko dituela aurreikusten da. Garrantzitsua da, beraz, sektore horretan lan egiteko jendea prestatzea eta, horren jakitun, Euskal Herrian ere hasi dira arreta eta dirua ipintzen bertan.

Ikasteko lagungarri

Bideo jokoetatik asko ikas daiteke –baita bideo joko txarretatik ere– eta, horren harira, joko horien inguruan ditugun aurreiritziak kendu egin behar ditugula azpimarratu zuten hizlariek. 

Azaldu zuten haur eskoletan jolas eginez ikasten dutela eta, beraz, haur eskolek badutela zentzu ludikoa, eta arlo ludiko hori bera gainerako ikasketa mailetan ere txertatu beharko genukeela. 

Talde lana, lidergoa, denboraren kudeaketa, bizkortasuna... bideo jokoek ezaugarri positibo asko dituzte, euren esanetan, eta, horregatik, merezi du hezkuntzan txertatzeko moduen gaineko hausnarketa egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak