Asmakizun ekologikoak herritarren eskura, Eskoriatzako azokan

Ubane Madera 2011ko urt. 31a, 17:33

Kuriositatea eta ikasteko gogoa nagusi izan dira asteburuan Eskoriatzako Jasangarritasun Azoka bisitatu dutenen artean. Kuriositatea, jakin gura dutelako zer mugitzen den ekologia bultzatzeko asmakizun edo teknologia berrienen artean. Eta ikasteko gogoa, ezen, bisitari gehienak, guztiak ez esatearren, kontzientziatuta daudelako zerbait egin beharra badagoela gure munduari zor diogun gutxieneko errespetua emateko.  

Zaborra bai, tonerrak ez

"Adibidez, etxeko olioa apartatzea, etxean zaborra banatzea…hortik hasten da. Toner eta halakoak, akaso, ez dakigu zela berrerabiltzen diren, eta komeni da informazio gehiago izatea eta jarraipena egitea; halakoetarako oso erabilgarriak dira hemengoa moduko azokak", kontatu digu bisitari batek.

"Auto elektrikoak deitu dit arreta, adibidez, edo tonerrak birizklatzeko postuak. Izan ere, guztiok dugu inprimagailua etxean, eta zer egiten dugu tonerra gastatzen denean? Ba errazena: zaborretara bota, eta kontuz ibili behar da halakoekin", kontatu digu beste batek.

Etxeko edukiontziak handiegiak

"Azokak ematen du ikusteko aukera, eta jakiteko zela diren gauza berriak. Ikusi dugu, adibidez, zela egiten den konposta, baina hori badakigu lehenagotik, ze mentalizatuta gaude dagoeneko. Olioak batzeko poteena ere ondo dago etxerako, tamaina onekoak direlako; baina zaborra batzeko etxean ipini beharreko edukiontziak handiegiak dira, "monumentuak" dira, eta hori izaten da txarrena", gaineratu du hirugarrenak.

Teknologiarik berrienak

Izan ere, denetarik izan da asteburuan Eskoriatzako azokan: bizikleta elektrikoak, tolesgarriak, seg-wayak, led teknologiadun argiak, irradiatze-zoruak, eguzki plakak, argiarekin "dantzan" jartzen den "eltxoa", lurpetik berotasuna hartzen duen sistema, 12 orduan beroa ematen duten tximiniak… guztiak ere, aurrezpena bultzatzen duten teknologia berriak.

Zaborraren buruhaustea

"Ikusteko eta ikasteko azoka da hau. Azken batean gauza asko ez dakigu ezta merkatuan daudenik ere", adierazi du Eneritz Zubiak, Eskoriatzako Ingurumen teknikariak eta azokako antolatzaileetako batek.

Baina bereziki hondakinei eman diete garrantzia Jasangarritasun Azokan: "Batez ere Antzuolan martxoan hasi behar direlako atez ate zaborra batzeko sistema erabiltzen. Eta ondo funtzionatzen badu, bailara osora zabaltzeko asmoa dagoelako. Azken batean, nahikoa buruhauste ematen dizkigute zaborrek. Horrenbeste sortzen dugu bada irtenbideren bat eman egin behar zaiola. Zabor larregi sortzen dugu eta birziklatu edo beste zerbait egin behar da derrigorrez. Horri eman diogu garrantzia azokan", gaineratu du Eskoriatzako Udaleko teknikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak