"Epaileak ACBko partiduetan baino gauza okerragoak entzuten ditu kadete mailakoetan"

Xabier Urtzelai 2010ko aza. 22a, 12:26

Eskoriatzako taldearekin harreman estua du Ruben Sanchezek (Donostia, 1975), batez ere bertako presidente Manolo Muñozekin. Zuzena, berbetan jatorra, eta burua erraz galtzen ez duen horietakoa, itxura hori ematen du Sanchezek. Epaile batek izan behar dituen doainak ditu, aipatu dugun azken hori, batez ere. Kantxa barrua ere halakoxea omen da, lasaia.

Zelan iritsi zara saskibaloiko maila gorenera?
Saskibaloian elitera iristea ez da batere erraza. Gipuzkoan beheko kategoriatan hasi eta Nazional mailatik pasa ostean, epaileen komiteak urtero bi lagun izendatzen ditu epaile kurtsoetara joan daitezen. Espainiako Txapelketetan epaitzen hasi, EBA kategoriara pasa, eta ondoren zazpi urte egin nituen LEB kategorian epaitzen.
Eta orain dela urte eta erdi egin zenuen saltoa, Valladolid-Xacobeo partidu batean.
Bai, poztasun handiz jaso nuen albistea, urtero zain egoten nintzelako saltoa emateko, eta beti zegoen zerbait: beste epaile bat aukeratzen zuten, urte horretan inork ez zuen igotzen...
Zelako oroitzapenak dituzu?
Oso onak, baina urduri nengoen. Detaile guztiekin oroitzen naiz, hoteleko egonaldia, estadiora egindako bidaia, aldagelan elastikoa jantzi nuen momentua... Oso berezia izan zen, polita.
Kategoria bien artean, alde handia dago?
Lehenengo urtean bai, dena delako berria. Ez dituzu jokalariak ezagutzen, ezta gainontzeko epaileak ere. LEB kategorian bi epaile izaten dira kantxan, eta ACBn hiru. Horrekin batera, jokoa askoz ere azkarragoa da, eta epaileak ere azkarrago ibili behar du jokoa gertu-gertutik jarraitzeko. Jokoari dagokionez, ez dago aldaketarik, arauak berdinak dira. Hori bai, LEBean pibotek 2.05 neurtzen dute, eta ACBn 2.15.
Horrekin batera, noski, mediatikoki ez du batere antzik kategoria batean ala bestean egoteak.
Harmailetan ere jende gehiago egongo da ba...
Bai, noski. LEB kategorian sailkapenean erditik atzera dagoen talde baten kantxan 500 lagun inguru batzen dira harmailetan. Eta, Bartzelona, Madril, edo Baskoniaren kantxara joanez gero, 10.000 lagun egon daitezke. Hor ere badago aldea, bai.
Epaile lasaia zarela entzun dut.
Bai, eta hala izatea komeni da: Lasaia, erabakiak ondo neurtzen jakitea, jokalari eta entrenatzaileekin berba egitea... Azken batean, epaile normal bat. Kontutan izan gu garela partidua kontrolpean izan behar dugunak, hori galduz gero...
Jokalariek eskertzen dute epaileak erabaki baten aurrean azalpenen bat ematea?
Normalean bai, denek eskertzen dute hori. Baina, hor ere badago arriskua, izan ere, badira berbetan oso abilak diren jokalariak, eta komentario bat egitetik elkarrizketara pasatzen direnak. Eta hor ibili behar dugu argi, ez gaitzatela euren aldera eraman.
Zelakoa da epaile baten bizitzan astebete?
Espainiako edozein kantxatan epaitzen dugu, normalean hilean hirutan edo lautan. Nire bizilekua Donostian dut, eta aste barruan bi entrenamendu saio egiten ditut, fisikoak.
Ondoren, partiduaren osteko egunean scouting saioa egiten dugu, hau da, partiduaren analisi moduko bat. Txosten hori ACBra bidaltzen dugu, eta eurek gure lanaren gaineko beste txosten bat bidaltzen digute, ebaluazio moduko bat. Ez da azterketa bat, gehiago dira akatsak zuzentzen joateko gomendioak.
Epaileon artean, baduzue joerarik zuen lanbidea beste kirol batzuekin alderatzeko? Esaterako, zenbat errespetatzen zaituzteten zuei, eta zenbat futbol epaileei?
Nik esango nuke ACB kategorian, orokorrean, epaileak oso errespetatuak garela. Noski, badira kantxa beroagoak, eta kantxa lasaiagoak, baina hemen ez da gertatzen pistara irten orduko jendea uluka egotea.
Nire ustez futbola, zentzu horretan ezberdina da. Jokalariek ere errespetu handiagoa digutela esango nuke. Hori bai, hemen ere etxeko taldearen kontra hiru falta jarraian adieraziz gero, laugarrenean badakigu zer dagoen...
Alde horretatik, inoiz komentatu izan dut ACBko partidu batean baino irain gehiago entzungo dituela Gipuzkoan kadete mailako partidu bat epaitzen ari denak.
Horrenbestez, futbolean bai, baina saskibaloian ere beheko kategoriatan galantak entzuten dituzue.
Goiko kategoriatan baino gehiago, esango nuke. Hori bai, ez dut uste futbolean beste denik, saskibaloi arauak konplexuagoak direlako, eta denez ez dituztelako ezagutzen.
Kantxa beroen eta lasaien gainean egin dugu berba. Izendatu bana.
Kantxa bero bat, Kanarietakoa, joan den astean egon nintzena. Eta kantxa lasai bat... adibidez, Madrileko edo Bartzelonako kantxak nahiko lasaiak izaten dira. Talde horietako zaleek galtzen dabiltzanean bakarrik egiten dute txistu, eta normalean markagailuan aurretik joaten direnez...
Donostian, etxeko taldea epaitzea tokatu zaizu?
Ez, ez zait tokatu, eta gogo handiegirik ere ez dut, baina araudian baimenduta dago. Jokalariak moduan, gu ere profesionalak gara, eta gure lana ahalik eta ondoen egin nahi dugu, hortan, ez du zentzurik inoren alde egiteak.
Emakumezkoen partidua epaitzen izan zara Eskoriatzan. Badago alderik?
Ez dut uste alde handirik dagoenik. Joko aldetik, gizonezkoen maila bera dutela esango nuke, hori bai, motelago jokatzen dute. Eta, neurri handian horrek erraztu egiten du epailearen lana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak