Argazkien eta edadetuen testigantzen bitartez herriko historia jasotzen dabiltza

Goiena 2005ko urr. 5a, 18:50
Udaleko Kultura Sailak ia 500 argazki batuta zituen identifikatu eta katalogatu barik. Horri irtenbidea emateko, beka bat atera zuten. Leire Parra arrasatearra ibili da argazkiak katalogatzen, informazioa batzen eta adinduen testigantzak jasotzen.

Orain dela 14 bat urte, Eskoriatzako argazkilari taldeak eta Udalak lehiaketa bat antolatu zuten. Herriko umeei eskatu zieten etxetik argazki zaharrak hartu eta udaletxera eramateko, zozketatutako sarien truke. 400 argazki baino gehiago lortu zituzten, eta udaletxean egon dira orain arte.

Joan den urtearen bukaeran, Udaleko Kultura Sailak erabaki zuen argazki horiek katalogatzea eta horien gaineko informazioa batzea. Horretarako, Eskoriatza Herria II. Beka atera zuten, eta Leire Parra arrasatearrari eman zioten lan hori.

Dagoeneko, 1.087 argazki batuta

Lehenik eta behin, Leirek argazkiak inbentariatu eta digitalizatu egin zituen. Horrez gain, herritar taldeei laguntza eskatu zien, irudien gaineko informazioa batu ahal izateko (besteak beste, argazkietan ikus daitezkeenen izen-abizenak, irudiak non eginda dauden, noiz...).

Bide hori erabilita, herriko hainbat lagunek argazki gehiago eraman zizkioten, eta guztira 1.087 batu ditu. Argazki bakoitzarekin fitxa bat bete du, eta datu basea osatu. Baina irudi batzuk errepikatu egin direnez, guztira 1.049 erregistro sortu ditu.

Irudiak gaika banatuta daude, eta 37 gai edo esparru bereiztu dituzte (aisialdia, artea, ekintza ofizialak, dokumentuak, erretratuak, eraikuntzak, gertaerak, garraioak, hezkuntza, jaiak, lana, eta abar). Urtarriletik uztailera arte egon da Leire lan hori egiten. Orain Udalak erabaki beharko du material horri guztiorri zer erabilpen ematen dion. Hainbat aukera aztertu dituzte: erakusketak egitea, libururen bat kaleratzea... Lehenengo helburua, behintzat, lortu dute: Udalaren artxibo digitala eratzea, hain zuzen ere. Beste aukera bat da artxibo digitala osatzen jarraitzea. Hori guztia laster erabaki eta aditzera emango dute.

Edadetuen testigantzak

Horrez guztiaz gain, Leire Parrak 80 urteko eskoriatzarrengana jo du haien testigantzak jasotzeko. Hala, haien bidez asmoa zen herriko aspaldiko ohitura, gertaera eta kontakizunak berreskuratzea, besteak beste.

Gehienetan ezezkoa eman zioten arren, lagun gutxi batzuk elkarrizketatzea lortu zuen. Zortzi lagunekin egon zen berbetan: On Cruz Abarrategi, Andres Agiriano, Mertxe Armendariz, Jose Azkarate, Bernabe Errasti, Jose Pagaldai, Mario Padilla eta Esperanza Uribarrenekin.

Elkarrizketa horietan hainbat gai jorratu zituzten, eta oso baliagarriak izan dira iraganeko haurtzaroa, jolasak, hezkuntza, lana, bizimodua, jaiak, erlijio ohitura eta ospakizunak eta bestelakoak zelakoak ziren jakiteko. Elkarrizketa horiek guztiak gordeta eta jasota daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak